Umezarora bidaia, 'click' batean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko ira. 8a, 10:00

Artziniegako Museo Etnografikoan ikusgai dagoen Playmobilen erakusketaren epea luzatu dute, hilaren amaierara arte. Egiptoko faraoiak eta piratek XX. mendeko artziniegarrekin espazioa partekatzen dute.

Zazpi zentimetro eta erdi baino ez dute neurtzen. Ez dute ukondorik, ez belaunik, ez belarririk, ez sudurrik, eta ez dute behar. Begiratu hutsarekin, heldu batek Egiptoko faraoiak, akrobazia ikuskizunak, erasoz eta pirateriaz betetako haurtzaroko eszenak, edo baserriko bizimodu sosegatu bat berehala gogora dezake.

Brandstäter enpresa alemanak orain dela berrogei urte sortu zituen Playmobilen piezen ospea dela eta, zaletuen eta bildumagileen hainbat elkarte sortu dira mundu osoan. Elkarte horiek erakusketak, azokak eta bestelako ekitaldiak antolatzen dituzte. Euskal Herrian, Euskoplay izeneko elkartean biltzen dira click-en maitaleak. Zaleentzako topagunea da elkartea, eta Playmobilen unibertsoa publiko guztiari zabaltzeko modu bat.

Asmo horrekin, Artziniegako Museo Etnografikoa aukeratu dute Euskal Herriko Playmobilen zaletuek erakusketa ikusgarri bat paratzeko. Guztira, bederatzi diorama (maketa handiak) kokatu dituzte museoaren gela batean. Denetariko eszenak jasotzen dira, eta zehaztasun handiz irudikatzen dira historiaren pasarte desberdinak, click edo pieza txikiak erabiliz. Erakusketa uztail eta abuztu osoan egon da zabalik, baina arrakasta handia izan duenez, irailean ere ikusteko aukera izango da, hilaren 25era arte hain zuzen, museoaren ohiko ordutegian, eta doako sarrera bidez.

Egiptotik Artziniegara

Egiptoko printzearen heriotza irudikatzen duen diorama da Playmobilen erakusketan agertzen den lehen eszena; jarraian, itsaso zabala zeharkatzen duten belaontziak agertzen dira, "mundu berriaren" aurkikuntza irudikatuz. Itsasoaren gaiarekin lotuta doaz ere hurrengo bi diorama: Mema uhartea eta Hegoaldeko itsasoetako Robinsonak izenekoak. Bosgarren eszenan, berriz, enpresa eremu bat ageri da, xehetasun osoz, eta autoen eta motorren akrobazia ikuskizun bat seigarren dioraman. Landetxe batean jazotako sute bat irudikatzen dute hurrengoan, eta amaitzeko, XX. mende hasierako Artziniegako kaleak ageri dira, tren geltokia, sutegia, eta Iturrialde kalea, besteak beste.

Erakusketaren antolatzaileetako bat da Roberto Diaz Euskoplay elkarteko lehendakaria. Beste milaka lagun bezala, Diazek ere txikitan Playmobilekin jolasten zuen, eta seme-alabak izan zituenean, afizioa berreskuratu zuen. "2015ean, estatu mailan dagoen elkarte batean sartu nintzen, eta erakusketa batzuk egin nituen, Donostian eta Bilbon; gero, Euskal Herrian zaletuak bilatzen hasi nintzen". 2018an sortu zuten Euskoplay, eta egun, 38 kide ditu elkarteak. "Erakusketen bitartez ezagutu gara, edo sare sozialen bidez;  gehienak bizkaitarrak gara baina Araban eta Gipuzkoan ere erakusketa gehiago egin nahiko genituzke eta bazkideak lortu", esan du Diazek. 

Berrogei urteetan, Playmobil enpresak gai edo erreferentzia asko kaleratu ditu: erromatarrak, piratak, bikingoak, Erdi Aroko gazteluak, hiriak..., eta  jarraitzaile sutsuak ditu gai bakoitzak. "Asko dira egin dituen bilduma ofizialak. Gainera, azken urteetan klasikoen lizentziak kaleratzen ditu, Star Trek, 007, Heidi, Ghost Hunters. Zaletu batzuek berritasunak bilatzen dituzte, eta beste batzuek lehengo piezen bildumak egiten ditugu", esan du Diazek.

Pieza edo erreferentzia batzuen eskaera handia dago, eta zaila da horiek lortzea. "Erdi Aroko gazteluak, adibidez, edo, piraten itsasontziak; bilduma hori Espainiako estatuan gehien saldu den erreferentzia da. 1978ko pirata ontzia lortu nahi baduzu, oso zaila daukazu,  garesti ordaindu beharko duzu, eta zigilatua eta berria lortu nahi baduzu, are garestiago. Gai zahar asko oso garestiak dira, zaldun batzuk, adibidez, soilik Alemanian atera zituztenak….".

Japoniako errusiar mendia

Erreferentzia guztien artean preziatuena errusiar mendi bat da, japoniar edizio bat. "Edizio batzuk herri bakar batean ateratzen dituzte, Grezian, Alemanian… Horiek lortu nahi baldin badituzu harremanen bat izan behar duzu herri horietan edo sare sozialen bidez lortu", azaldu du Euskoplay elkarteko lehendakariak.

Playmobilen erakusketez gainera, bestelako jarduerak ere antolatzen ditu elkarteak. Konfinamenduan, esate baterako, dioramen txapelketa bat antolatu zuten, eta bazkideen artean topaketak ere egiten dituzte, elkarrekin bazkaltzeko eta piezak eta esperientziak trukatzeko. "Aurten masterclass bat ere antolatu dugu, bazkideentzat, click bat nola itxuraldatu daiteke erakusteko".  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago