Indarberrituta itzuliko dira Amurrioko jaiak, abuztuaren 12tik 17ra

Erredakzioa 2022ko uzt. 27a, 14:00
Chill Mafia, Celtas Cortos, La Furia eta Betto Snay. / ALEA

Amurrioko jaietan izango dira, besteak beste, Chill Mafia, Celtas Cortos, La Furia, Betto Snay, Neomak, Puro Relajo, Remix Orkestra eta Trikizio taldeak, abuztuaren 12tik 15era bitartean. Udalak eraso matxisten aurkako protokoloa prestatu du.

Bi aste barru, Gasteizko jaien ostean eta Laudioko jaien aurretik, abuztuaren 12tik 17ra bitartean ospatuko dira Amurrioko jaiak, eta Udalak egitarau zabala eta askotarikoa prestatu du, adin guztietako lagunei zuzendutako ehun jarduera baino gehiagorekin.

Iguarrakoren etorreraren ostean, sei egunez antzerkia, musika, kirola eta askotariko ekitaldi zein jarduerak izango dira nagusi. Jaien aurretik, baina, abuztuaren 6an santuaren jaitsiera egingo dute San Roke ermitatik Santa Maria parrokiara.

Urtero bezala, programazioaren funtsezko elementua izango dira Mendiko Eskolan egingo diren kontzertuak:

  • Abuztuak 13, larunbata: Betto Snay eta Celtas Cortos
  • Abuztuak 14, igandea (Kuadrillen Eguna): La Furia eta Chill Mafia
  • Abuztuak 15, astelehena: Neomak
  • Abuztuak 16, asteartea (San Roke eguna): Puro Relajo, Trikizio (erromeria) eta DJ Ruba

Eraldaketa soziala xede, abuztuaren 13an eta 14an txosna solidarioa jarriko dute bertan, eta lortutako dirua Euskadiko X Sindrome Hauskorraren Elkartearentzat izango da, kaltetutako pertsona eta familiei bizi kalitatea hobetzen laguntzeko.

Gainera, hilaren 13ko jardunaldiak haurrei zuzendutako hainbat jarduera eskainiko ditu: goizean puzgarriak, ludoteka, tailerrak, txirrista freskagarria eta apar festa izango dira; arratsaldean Iguarrako bisitatu ahal izango da udaletxean, escape room bat egongo da kultur etxean eta Kalakaren jolasak parkean. Amaitzeko, Sun magoaren magia ikuskizuna programatu dute.

Amurrioko jaietako egitarauaren aurkezpena. / Argazkia: AMURRIOKO UDALA

 

Arte eszenikoak

Bestalde, antzerkiak eta dantzak lehentasuna izango dute aurtengo programazioan:

  • Abuztuak 12, ostirala: Trocos Locos konpainiaren Tartana kale antzerkia San Antonen, eta Perdido entre ilusiones musika emanaldia Elexondo pasealekuan.
  • Abuztuak 13, larunbata: dantzaldi saioa Frontoi kalean Jamaika Trio taldearekin, familiei zuzendutako Skratx antzezlana parkean, eta gauean, Organiken Sardiña Freskueeee! dantza eta antzerki umore ikuskizuna Juan Urrutia plazan.
  • Abuztuak 14, igandea: eguerdian, I. Kale Musika Jaialdia, Grex Musika taldearekin Elexondoko oinezkoen gunean; 20:00etan, Mario Enzoren txotxongiloak San Anton plazan; eta 21:00etan, Borja Catanesi Frontoi kalean.
  • Abuztuak 15, astelehena: euskal dantzen erakustaldia Aiara Dantza Taldearekin, Juan Urrutia plazan.
  • Abuztuak 16, asteartea: LVI. Aurresku eta Jota lehiaketa eta Piensa en Wilbur kaleko antzerki-akrobazia ikuskizuna.
  • Abuztuak 17, asteazkena: emakumeen borroka libreko formatuan egindako Eva Guerreroren Lof of ladies ikuskizuna, San Antonen; eta jaiak amaitzeko, Patxi Perezen dantza plaza izango Juan Urrutia plazan.

Ekitaldi herrikoiak

Horrez gain, abuztuaren 14an marmitako lehiaketa gastronomikoa eta odoloste janaldia egingo dituzte San Anton plazan.

Abuztuaren 16an, Kuadrillen Egunaren barruan, kuadrillen karrozen desfilea egingo dute. Jaietako azken egunean, hilaren 17an, beste bi lehiaketa gastronomiko egingo dira: tortilla lehiaketa eta sukalki lehiaketa.

Eraso matxisten aurka

Amurrioko Udalaren Berdintasun Sailak eraso matxisten aurkako protokolo bat prestatu du, eta hainbat hilabete daramatza horretan lanean. Besteak beste, eraso baten aurrean jarduteko oinarrizko zenbait jarraibide ezartzen dituen dokumentu bat sortu dute, eta tabernetan, txosnetan eta herriko hainbat leku estrategikotan egongo dira eskuragarri.

"Askatasunean, berdintasunean eta errespetuan gozatu nahi ditugu egun horiek. Ez dugu eraso matxistarik nahi, eta herritarrei inplikatzeko eta adi egoteko eskatzen diegu, Amurrion lekurik ez duten portaera mota horiek saihesteko", adierazi du Ixone Saratxaga Berdintasun zinegotziak. Horregatik, Berdintasun Sailak herritarrak prebenitzeko, informatzeko eta sentsibilizatzeko hainbat jarduera antolatuko ditu.

Aurten ere eraso sexisten aurkako stand informatibo bat jarriko dute Larrinaga kalean, abuztuaren 12ko 19:00etatik 22:00etara eta abuztuaren 14ko 21:00etatik 24:00etara. Bertan, indarkeria matxistaren arloko profesionalak egongo dira zalantzak argitzeko, informazioa, aholkua eta laguntza eskaintzeko eta, behar izanez gero, zuzeneko arreta emateko.

Bestalde, preserbatiboaren erabilera sustatzeko, jaiekin bat egiten duen Gehitu zerbitzuaren laguntza ere izango dute, txosnetan eta jai esparruetan osasunari eta prebentzioari buruzko informazioa eta preserbatiboak banatzeko.

Horrekin batera, abuztuaren 13an escape room bat izango da, berdintasunaren helmugara iristeko ebatzi beharko diren hainbat jolasekin.

Azkenik, Udalak musika sexista baztertzeko eta jaietan berdintasuna sustatzen duen musika bultzatzeko proposamen ez-sexistak dituen kantu-zerrenda osatu du, eta tabernetara, txosnetara eta barraketara eramango ditu.

Eraso matxisten aurkako protokoloaren eta egitarauaren aurkezpena.
Argazkia: AMURRIOKO UDALA

 

Barraka inklusiboak

Aurten, gainera, barraken feria gunea dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako inklusiboagoa izateko neurria hartu dute. Besteak beste, espektro autistaren nahasmendua eta beste zentzumen zailtasun batzuk dituzten pertsonei ikusgaitasuna emango zaiela azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Horrela, barrakek dibertsitate funtzionala errespetatuko duen ordu bat izango dute egunero, 17:00etatik 18:00etara. Ordutegi horretan horretan ez da musikarik egongo, ezta hiper-sentsibilitate sentsorialetan eragina izan dezakeen argi indartsurik ere.

Gainera, abuztuaren 11n, haurrek 1,50 euroko prezio berezian gozatu ahal izango dute barrakez.

Jai herrikoiak

Udalak aurkeztutako programazio ofizialaz gain, Mendiko Lagunak, presoen aldeko mugimenduak, Ernaik, Amurrioko Gazte Asanbladak, Otsemeak talde feministak, Ikamak eta Amurrioko koadrilek osatutako Amurrioko Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak egitarau propioa antolatu du abuztuaren 11tik 17ra bitartean:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide