Beroaldi betean, auzokide txikiei laguntzeko eskatu dute

Erredakzioa 2022ko uzt. 16a, 11:30

Espezie askok tenperatura altuen ondorioak nozitzen dituzte. UNSPLASH

Muskerrak ingurumen taldeak balkoi edo lorategietan uraz betetako ontzi txikiak jartzea gomendatu du, animalia urbanoak hidrata daitezen. 

Hiri inguruetara hurbiltzen diren animaliek beroaldiari hobeto aurre egin diezaioten laguntza keinu txiki bat egitea gomendatu du Muskerrak ingurumen taldeak: etxebizitzan lorategi, terraza edo balkoi izatekotan, urez betatako ontzi txiki bat jartzea, animaliak hidratatu daitezen.

"Nahiz eta guk berotik ihes egin dezakegun etxean sartuta eta edari freskagarriak edanda, animalia basatiek ez dute aukera hori, eta espezie askok tenperatura altuen ondorioak jasaten dituzte", ohartarazi dute ohar batean.

Horregatik, animaliei laguntzeko eskatu dute. Gomendatutakoa "oso sinplea" den arren, animaliak arriskuan ez jartzeko hainbat pauso egin behar direla diote. Ontziak lau zentimetro inguruko sakonera izatea da hoberena, eta sakonagoa izatekotan, animalia txikiei aterabidea erraztuko dien harri edo arrapala txiki bat jartzeko eskatu dute. Burdinazko kazolak "ezin hobeak dira" horretarako, Aiaraldeko ingurumen taldearen esanetan.

Lorategi batean jarriz gero, bat baino gehiago jartzea gomendatu dute: bat lurrean; kasurako, sugandila edo trikuentzat; beste bat, gorago, hegaztientzat. Kasu guztietan, noizean behin  garbitzea eta itzalpean jartzea gomendatu dute. 

Inguruetan katuren bat izatekotan, noski, haren irismenetik kanpo uzteko eskatu dute, laguntza keinu izan behar zena katuentzako ehiza bilaka ez dadin. 

Gogora ekarri dute halako egoera batean uretara sarbidea erraztu bai, baina jatekorik inoiz ez ematea dela hoberena. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide