Bueltatu, hegazkinez bueltatu da, jende gehiena bezala. Baina Veneziarako bidea bizikletaz egin du Felix Mugurutza euskal filologo eta etnografoak. Fededuna ez izanda ere, herriko santuen bila joateko aitzakiaz baliatu da opor berezi batzuk prestatzeko. Antzinako erromesen antzera, erlikiak izan ditu jomugan. Zehazki, Laudion tradizio handia duten hiru santurenak: Santa Luzia eta San Rokerenak Venezian daude, eta handik gertu dagoen Paduan daude San Antoniorenak. "Aszeta bidaia izan da, ohiko mundutik aldenduta", nabarmendu du. Santa Luziarena omen den momia zilarrezko maskara batez estali dute, eta San Rokerenak omen diren gorpuzkiak, berriz, kutxa batean sartuta daude. "Hor mihiaren edo eztarriaren zati bat dute, haragi zati bat. Egia esanda, nahiko nazkagarria da hori".
Laudion tradizio asko duten erromeriak eta bestelako ospakizunak egiten dira santu horien omenez, eta eliza zein baselizak ere badituzte. Horregatik, Laudio inguruan hainbat baseliza dituen ibilbidea proposatu du.
Ibilbidea Larrazabal auzoan abiatzen da, San Joan baselizan. "Bertako komunitate osoa batzen duen baseliza da". Hor tradizio interesgarri bat dutela ekarri du gogora Mugurutzak: baserri guztietan lizarrez egindako arku bat jartzen dute gauez, Eguzkia atera baino lehen etxea babesteko. Baseliza nahiko berria da, 1895ekoa, eta beste leku batean zegoen baseliza ordezkatu zuen. "Antza, ez zen lur egonkorra. Baina jendea oso lotuta zegoen aurreko baselizari, eta ez zuten mugitu nahi. Horregatik, baten bati bururatu zitzaion santua gauez mugitzea oraingo lekura, edo esatea leku berri horretan aurkitu zuela, eta Jainkoaren edo santuaren nahia zela bertan egotea". Historian zehar askotan erabili den tranpa izan da hau. Bertakoek Astobitza deitzen diote inguruari, eta erdaraz izendatzen zutenean ere, San Juan Astobizaco esaten zuten, antzina gauzak izendatzeko erabiltzen zen moduari jarraiki.
Gaur egun ere erromeria egiten dute inguruan. Urteko lehenak dira, eta sute bat egiten dute San Joanen omenez. Jende andana biltzen da, eta, besteak beste, taloa eta txorizoak jaten dituzte; ahal bada, garagardo, sagardo edo freskagarri hotz baten inguruan. Alabaina, beste garai batzuetan halako jaietan edari fresko bat edan ahal izatea izugarri zaila zen. "Gaur egun zaila egiten zaigu imajinatzea zer zen hori, gaur egun hozkailuak ditugulako". Bada, baseliza horretatik gertu, Pagolar mendian, bazegoen elur-zulo bat, eta bertatik elurra ateratzen zuten limonada egiteko; garaiko freskagarria, hain justu.
Bidea jarraituko dugu Larrazabal auzotik. Eta zeharkatuko ditugu Malkuartu eta Dubiris, eta handik jarraituko dugu Santa Luziaraino. Azken honetatik gertu dago, hain justu, Laudioko bigarren elur-zuloa.
Paisaia idilikoa
Auzo horietatik paseatzean, ikusiko dugu Laudio ez dela soilik gehienetan azaltzen den etxebizitzez beteriko herri industriala, eta bestelako paisaiak ere badirela herrian. "Baserri giroko ingurua da, ganaduz beteta. Apur bat idilikoa ere badela esango nuke, agian gaur egun galdu dugun giroaren adibide bikaina". Ibilbidea autoz egin badaiteke ere, seguruenera oinez edo bizikletaz gozatu ahalko da gehien inguru horietaz.
Handik aurrera, baina, asfaltatu gabeko bide bat aurkituko dugu. Garai batean, handik ere joaten zen Bilbora, besteak beste, abereak eramatera edo jaietarako zezenak ekartzeko. "Orain komunikabide guztiak beheko partetik doaz, baina lehen ez zen beti horrela". Paseatzeko aproposa denez, udalak eraztun berde moduko bat osatu du inguruan, seinaleztatutako ibilbideekin.
Ermualde
Azkenik, Ermuko Andra Maria monumentu multzora iritsiko gara. "Mendian dagoen erlijio gune potentea da". Horren antolaketa ulertzeko, historiara jo beharra dago. Ermuko Andre Mariaren alboan Santa Luzia itsatsita dago, eta, apur bat harago, San Antonio. Azken hau, guruztoki modura eraiki zen. "Tenplu garrantzitsu batera iritsi aurretik, zure burua purifikatzeko erabiltzen zen, arima garbiarekin iristeko". Santa Luziaren jatorria are bitxiagoa da. Mugurutzak dioenez, garai batean tenplu nagusian Santa Luziaren irudi bat jarri zuten, eta, bertakoa baino politagoa zelako edo, jendea hasi zitzaion debozio gehiago izaten Santa Luziari. Horrekin gogaituta, apaizek erabaki zuten irudia bertatik ateratzea, eta alboan beste eraikin batean jartzea.
"Jendeak bertan oliozko lanpara horietarako erabiltzen zen olioarekin igurzten zituen begiak, hori bistarako ona zelakoan". Ez zen sendabide bakarra. "Aldarean, beheko partean, badira bolatxo itxurako bi elementu. Bada, tradizioak dio horren ondoan begiak jarrita ere ikusmena luzaroan ondo mantentzen dela". Beste leku askotan bezala, leku sakratu batean dagoen urari ere propietate miresgarriak darizkio, eta horren inguruan ere ohitura zeharo bitxia eratu zen. "Alboko iturrian dagoen ura ahoan sartu eta San Antoniora eraman beharra dago, hiru aldiz, bertako haitz batean dagoen zulo batean botatzeko". Hori eginda, akabo dentistarenera joan beharra, aho osasuntsua mantentzeko erremedioa delako. "Elizako agintariak asko haserretzen ziren halako sineskeriekin, jendeak askotan garrantzi gehiago ematen zielako horiei, fedeari berari baino". Mugurutza bera oroitzen da San Antoniorengana jotzen zela bikotea eskatzeko, baina, bere lagun taldean, kontrakoa eskatzen zuten, kuadrilla luzaroan mantendu zedin.
Azkenik, San Roke da seguruenera herriko santurik esanguratsuena, eta, Laudioko patroia gaur proposatutako ibilbidetik kanpo egonda ere, haren garrantzia nabarmendu nahi izan du Mugurutzak. Laudion 1599an sortu zen horren kofradia. "Izurrite asko zeuden garai batean, San Roke ez omen zen kutsatzen, gaixoen alboan egonda ere". Horregatik hain zabalduta dago santu hori Euskal Herri osoan, izurri garaietan ere herri askotan santuaren babesaren bila jotzen zutelako.