Hautagai euskaldunak bultzatu nahi dituzte Aiaraldean, 2023ko hauteskundeei begira

Erredakzioa 2022ko eka. 29a, 13:00
Ekimena aurkezteko prentsaurrekoa, Aiaraldea Ekintzen Faktorian. / ALEA

2023ko hauteskundeetan hautagaiak euskaldunak edo euskaldun hartzaileak diren adieraztea eta alkategai euskaldunak bermatzea eskatu die Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak alderdiei. Horren arabera, nota jarriko die hautesle zerrendei.

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak hautagaitza euskaldunak bultzatzeko ekimen bat aurkeztu du gaur goizean, Laudioko Ekintzen Faktorian egindako prentsaurreko batean; oraingoz, ikuspegi lokal batekin, baina Euskal Herriko eragileei ekimena beste eskualdeetara zabaltzeko gonbita luzatuz.

Eskualdean euskararen normalkuntza erdiestea da Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren xedea, baita horretarako aurrerapausoak ematea ere, "etengabe eta alor guztietan". Gaur egun, 44 entitatek osatzen dute bederatzi udalerritan lan egiten duen elkartea.

Helburu horri begira, posible al da hauteskunde batzuetan hautagai guztiak euskaldunak direla bermatzea? Beharbada ez da egun batetik bestera lortu daitekeen zerbait, baina Kontseiluak proposamen zehatz bat luzatu die alderdi politikoei, bide horretan aurrerapausoak eman daitezen. Apiriletik, Aiaraldeko bederatzi udaletan ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako arduradunekin bildu dira: EAJ, EH Bildu, PSE, PP, ADIE, OMNIA, Okondo Aurrera, Aiara Batuz eta Orain Amurrio.

2023ko udaberrian udal hauteskundeak izango dira, eta alderdi politikoak buru-belarri dabiltza hautagaien zerrendak prestatzen. "Udalak herritarrengandik hurbilen dauden instituzioak dira, eta, udal langileekin batera, alkate eta zinegotziak dira funtsezko pieza herritarrek Udalarekin dituzten harremanetan hizkuntz eskubideak bermatuta izan ditzaten", azpimarratu du Kontseiluak. "Hautagai euskaldun batek hizkuntza eskubideak bermatzen ditu, gutxienez elebiduna baita euskalduna, herritar guztiei bere hizkuntzan entzun, ulertu eta erantzuteko gai".

"Agintariak erreferente ere badira herritarrentzat eta eredu izan behar dute, baita euskararen alorrean ere. Horregatik guztiagatik, hautagai euskaldunak behar ditugu", aldarrikatu dute. "Guztion bultzada behar dugu euskarak aurrera egin dezan, euskaldunok aurrera egin dezagun".

Formula bat, hiru tresna

Alderdiei helarazitako proposamenean, hiru puntu jaso ditu Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak:

  • Lehenik eta behin, hautagai bakoitza euskalduna edo euskaldun hartzailea den adieraztea, hauteskunde zerrendak publiko egitean, hautagaiaren informazioarekin batera. "Transparentzia ariketa bat izateaz gain, herritarrok bozka eskubidea ahalik eta informazio osatuenarekin gauzatu dezagun ezinbesteko da", azaldu dute.
  • Kontseiluak informazio hori eskaintzen duten zerrendak modu positiboan baloratuko ditu publikoki, "euskaldun kopuruaren gainetik, informazioa emate hutsak euskarari balioa eta garrantzia ematea baitakar".
  • Azkenik, Kontseiluak hautesle zerrenda bakoitzari nota jarriko dio, hautagai euskaldunen presentziaren arabera, eta publiko egingo du. Neurketa egiteko puntuazio-sistema bat plazaratu dute dokumentu publiko honetan. Horren arabera, adibidez, zerrenda batek ezingo du gainditu alkategaia erdaldun elebakarra baldin bada.

Nola baloratuko dituzte zerrendak?

 

Babes zabala

Asmo handiko egitasmoaren aurkezpenean izan dira eskualdeko hainbat pertsona ezagun: besteak beste, Asier Amondo Korrikako koordinatzailea, Patxi Iturregi idazlea, Aintzane Pradera Arabako AEKko koordinatzailea, Aaron Garmendia kirolaria, Belate Olabarria Bizkaiko Bertsolari Elkarteko presidentea, Aiara Murga Laudio Ikastolako lehendakaria, Ander Fernandez Kirikiño aisialdi taldeko kidea, Arrankudiagako gizarte etxeko Beñi Ibargoitia, eta Natxo Urkixo, Maite Benito eta Igor Lujanbio irakasleak. Ekitaldian Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko lehendakari Aitor Fernandez de Pinedok hartu du hitza.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide