Tubacexek 1.000 milioi euroko kontratua sinatu du Abu Dhabin, bere historiako handiena

Erredakzioa 2022ko eka. 22a, 18:30
Abu Dabi Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuaren skyline-a. / Argazkia: WIKIPEDIA

Greba mugagabea kaleratzerik gabe amaitu eta zortzi hilabetera, 1.500 milioi euroko eskariak pilatzea lortu du Tubacex taldeak. Azken kontratua Abu Dhabin sinatu du eta 1.000 milioi euroko balioa du, 30.000 tona hodi ekoizteko.

Tubacexek bere historiako kontraturik garrantzitsuena sinatu du Abu Dhabin: bertan lantegi berri bat eraikitzeaz gain, hamar urteko epean 30.000 tona hodi ekoiztuko ditu enpresa talde arabarrak Arabiar Emirerri Batuetako Petrolio Konpainia Nazionalarentzat (ADNOR).

Trukean, 1.000 milioi euro jasoko ditu akordioagatik; nolanahi ere, fabrika martxan jartzeak 100 milioi euroko inbertsioa egin behar izatea suposatuko du. 2024an martxan izatea eta 150 langile kontratatzea espero du enpresak.

Aiaraldeko taldeak berak gaur plazaratutako ohar batean jakinarazi duenez, OCTG teknologiako hodiak Ekialde Ertainean gasa ateratzeko erabiliko dira.

Horrela, 2021eko urrian greba amaitu eta gero, guztira 1.500 milioi euroko balioa duten kontratuak pilatzea lortu du Tubacexek, akziodunei gutxienez etorkizun oparoa ziurtatuz. Besteak beste, Petrobras, Exxon eta ENF bezalako enpresekin itxi ditu akordioak. Horrez gain, atzerriko hainbat enpresa erosi ditu, eta petrolio, gasa edota energia nuklearraren sektoreetan indartu du bere jarduera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide