Laudioko Antzokia eraikitzeko 2,5 milioi euro jarriko dituzte Aldundiak eta Jaurlaritzak

Erredakzioa 2022ko eka. 16a, 18:38
Ander Añibarro, Ramiro Gonzalez eta Bingen Zupiria, akordioaren aurkezpenean. / LAUDIOKO UDALA

2024rako zabalik izateko aurreikuspenarekin, Laudioko Antzokiaren obrak finantzatzeko 2 milioi euro jarriko ditu Aldundiak, eta Eusko Jaurlaritzak beste 500.000 euro, kostu osoaren erdia bermatuz. Udalak LEKU izena proposatu du.

33 jarduketaz osatuta dagoen Aiaraldeko Berehalako Ekintza Planaren barruan, martxoan, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Antzokia eraikitzeko proiektuko 1,5 milioi euro finantzatzeko konpromisoa hartu zuten. Orain, Aldundiak milioi bat euro gehiago jarriko dituela iragarri du, guztira 2 milioi finantzatuz. Jaurlaritzaren milioi erdia gehituta, Laudioko Udalak guztira 2,5 milioi euroko finantzaketa bermatuta izango du; obra egiteko aurreikusitako kostu osoaren %50 inguru da hori.

"Aiaraldea suspertzeko proiektu estrategikoa da", azpimarratu du Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak, Ander Añibarro Laudioko alkatearekin batera egindako prentsaurrekoan. Bere aldetik, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak Antzokiak hiru helburu nagusi izango dituela nabarmendu du: "Batetik, kultura sormena bultzatzea; bigarrenik, gizarte eta kultura egitura sustatzea; eta, hirugarrenik, udalerrian eta hedaduraz lurralde osoan erreferentzia gune bat sortzea".

"Ekarpenari esker, Udalak gaitasun handiagoa izango du udalerriarentzat garrantzitsuak diren beste obra batzuei aurre egiteko. Erakundeen arteko lankidetzaren adibide garbia da, eta lanean jarraituko dugu beste finantzaketa iturri batzuk erakartzeko, Europa mailakoak batez ere", azaldu du Añibarrok.

LEKU, 2024. urterako martxan

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Antzokia eraikitzeko lanak aurten bertan hasiko dira. Lanak bi urtez luzatuko dira; beraz, aurreikuspenak betetzen badira, 2024ko amaieran azpiegitura laudioarren esku egongo da, 20 urte horren zain igaro ondoren. Horretarako, bihar, ekainaren 17an, Tokiko Gobernu Batzarrak lanen kontratazioaren hasiera onartuko du.

Bitartean, udal administrazioak lanean jarraitzen du etorkizuneko azpiegitura kulturalaren marka eta izena diseinatzen. Besteak beste, LEKU izena jartzea proposatu du gobernu taldeak, Laudioko Ekintza eta Kultur Unearen akronimo gisa. "Gure iritziz, Antzokia hitza txiki geratzen zen espazio honetarako, ez dagoelako soilik antzoki gisa pentsatuta, Laudiorako gune estrategiko gisa baizik, kulturaren zerbitzura, baina baita enpresen, gizarte eragileen, erakundeen… zerbitzura ere", azaldu du alkateak. Irudia definitzeko diseinuak herritarren parte hartzearekin eta bozka bitartez aukeratuko dira laster.

Proiektuak erabilera kulturala eta soziala izango du, eta bilerak, hitzaldiak eta bestelako jarduerak hartzeko gaitasuna izango du. Erabilera anitzeko gela bat eta hainbat gune osagarri izango ditu: kamerinoak, aretoak, biltegia... Gainera, ostalaritza gune bat ere izango du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide