Nerbioi ibaia metro bat jaitsiaraziko dute

Erredakzioa 2022ko mai. 13a, 13:32
Ibaiaren ibilguan lanak egingo dituzte. ALEA

Laudioko Udalak eta URAk ibaiaren ibilgua handitzeko lanak abiatzeko hitzarmena sinatu dute, uholdeak saihestu asmoz. Jaurlaritzak 4,7 milioi euroko inbertsioa egingo du hamazazpi hilabetez luzatuko diren lanetan.

Laudioko Udalak eta URA agentziak lankidetza hitzarmena sinatu dute herritik igarotzean Nerbioi ibaiak duen ibilguan lanak egiteko. Horiekin, batez bestean, metro bateko sakontasun gehiago lortu nahi dute, uholdeei aurre egin ahal izateko. Horretarako, ibaiaren hondoa zulatuko dute. 

Orotara, ibaiaren ibilbidearen 1.338 metrotan jardungo dute, Baia eta Bide Zaharrak kaleen artean. Tarte horretan, "hobekuntza hidraulikoa" lortu nahi dutela adierazi dute bi administrazioek, ohar batean jakinarazi dutenez. 

4.700.000 euroko aurrekontua dute lanek, eta Jaurlaritzaren agentziaren kontura izango dira. Aurreikusi dute hamazazpi hilabetez luzatuko direla. 

Inguruko etxeetako ertzak sendotuko dituzte, baina aurreratu dute dauden zubietan ez dutela esku hartuko. Halere, aurreikusi dute lanek inpaktua izango dutela inguruan, batez ere etxeen inguruko lurrak sendotu aldera sartuko dituzten mikropiloteak jartzeko makineria astuna erabiliko dutelako. 

Auzokideei lanen berri emateko, bilera informatibo bat deitu dute: maiatzaren 17an izango da, Kultur Etxean, 18:00etan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide