Erakusketa batek Aiaraldeko mugimendu feministaren historia jaso du

Erredakzioa 2022ko mai. 6a, 14:15
Aiaraldeko mugimendu feministaren mobilizazio baten irudia. / ALEA

Aiaraldeko mugimendu feministaren 35 urteko historiari (1974-2021) buruzko erakusketa bat hartuko du Amurrioko La Casona aretoak. Hamarkadaz hamarkada antolatutako paneletan, historia, aldarrikapenak eta ekintzak ikusi ahal izango dira.

Maiatzaren 28ra bitartean, Amurrioko La Casona erakusketa aretoan ikusi ahal izango da Aiaraldeko mugimendu feministari buruzko erakusketa, Bor-bor Aiaraldeko Feminismo Elkarteak antolatuta. Erakusketa hainbat udalerritan izan da, eta egiten ari den ibilbidearen barruan beste geltoki bat izango da Amurrio.

Bertan, Aiaraldeko mugimendu feministaren historiaren ibilbidea ikus daiteke, hamarkadaz hamarkada, eta hainbat panelen bidez historia, aldarrikapenak eta ekintzak azaltzen ditu. 1974an, Laudioko ikastolan, lehen talde feminista sortu zen, Iraultza izenarekin; ondoren, makina bat aldarri, borroka eta lorpen izan dituzte eskualdeko emakumeek. Erakusketaren barruan, azken urteetako greba feministen irudiak ere ikus daitezke, besteak beste.

Mugimendu feministaren historia aztertzeaz gain, horren ibilbidea eta aldarrikapenak sozializatzeko helburua du erakusketak, bere aintzatespen publikoa eta soziala sustatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide