Amurriok Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko du larunbatean

Erredakzioa 2022ko maiatzaren 6a

Dantza erakustaldi bat, Amurrion. / Argazkia: ARABAKO DANTZARIEN BILTZARRA

Dantzaren Nazioarteko Egunaren ospakizunen barruan, Herriko Dantza Eskolak eta Aiara Dantza Taldeak dantza erakustaldia antolatu dute biharko, maiatzaren 7rako, 12:00etatik aurrera Amurrioko Juan Urrutia plazan.

Apirilaren 29an izan zen Dantzaren Nazioarteko Eguna, baina Amurriok maiatzaren 7an ospatuko du, Herriko Dantza Eskolaren eta Aiara Dantza Taldearen partaidetzarekin. Emanaldia eguerdiko hamabietan izango da, Juan Urrutia plazan.

Herriko Dantza Eskolako ikasleak izango dira erakustaldiaren protagonistak, eskolako ariketak eta lau koreografia taularatuz. Eskolak ibilbide luzea du Amurrion, eta ikasleek dantzaren teknikak ezagutzeko eta eskuratzeko lehen pausoak ematen dituzte bertan, euren sormen gaitasunak ahalik eta gehien sustatuz.

Emanaldi nagusiaren ostean, Aiara Dantza Taldeak ospakizunari amaiera emango dio, errepertorio zabal eta anitzarekin, ikusleei zenbait dantza propio erakutsiz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago