Herriko idazleen topaketa antolatu du Laudiok

Erredakzioa 2022ko mai. 4a, 10:47
Maiatzaren 10ean izango da idazleen topaketa. / Alea

Txani Rodriguez, Patxi Iturregi, Amado Goomez eta Mikel Ayllon elkartuko ditu Liburuaren Egunaren harira antolatutako ekitaldien artean.

Liburuaren Eguna atzeratu egin du aurten Laudioko Udalak, eta maiatzaren 10, 16 eta 18rako prestatu dute aurten liburuekiko eta irakurketarekiko grina sustatu nahi duen ekimena. Horretarako kultur zikloa antolatu dute udal liburutegi berrian. Asteartean, hilaren 10ean, Txani Rodriguez kazetari eta idazleak eta Patxi Iturregi, Amado Gomez eta Mikel Ayllon idazleek osatutako solasaldi irekira joateko aukera izango dute laudioarrek.

Saioan, Laudioko Udal Liburutegia izan denarekin izan duten esperientzia eta harreman estua azaltzen saiatuko dira, aipatutako kultur instalazioan bizi izandako pasadizoak kontatzeaz gain. Baita nola eta zerk piztu zien idazteko grina ere. Hitzaldia amaitzean, topaketara doazenek parte hartu eta gonbidatuekin eztabaidatu ahal izango dute.

Txikientzako jarduerak ere egongo dira maiatzaren 16an eta 18an, eta umeentzako ipuin-kontalarien bi saio izango dituzte Ana Apikaren eta Boniface Ofogoren eskutik, hurrenez hurren. Hilaren 16an Paperezko zirkua antzezlana eskainiko dute, euskaraz, eta 18an El león Kandinga, gaztelaniaz. Bi topaketak 18:00etan izango dira udal liburutegian.

Bestalde, gaurtik aurrera udal liburutegia astelehenetik ostiralera erabili ahal izango dute hala nahi duten laudioarrek, 09:00etatik 21:00etara. Asteburuan, erabiltzaileek ordutegi berean erabili ahal izango dituzte ikasketa-gelak. Liburuak maileguan uzteko ohiko zerbitzua larunbateko 14:00ak arte egongo da martxan. Udalak azpiegituraren ordutegia zabaltzea erabaki du, zerbitzua herritarren beharretara egokitzeko. Hala ere, eta aurreko urteetan bezala, udako hilabeteetan, ekainean, uztailean eta abuztuan, kultur instalazioa goizez baino ez da irekiko, 09:00etatik 14:00etara, bizilagunek erabil dezaten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide