Zinegoak Amurriora iritsiko da, LGTBIQ+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira

Erredakzioa 2022ko api. 25a, 12:30

'Nos corps sont vos champs de bataille', Argentinako trans mugimenduari buruzko dokumentala.

Zinegoak Jaialdiaren 19. edizioak doako bi emanaldi eskainiko ditu Amurrion, apirilaren 30ean eta maiatzaren 14an. Horrez gain, maiatzaren 17an Aldarte Elkartearen hitzaldi bat izango da, eta maiatzaren 27an Anarkia Relacional antzezlana.

Urtero, maiatzaren 17an ospatzen da LGTBIQ+fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna. Horren harira, Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia Amurriora zabalduko da aurten, apirilean eta maiatzean zehar egingo den programazio berezia antolatzeko.

Guztira lau jarduera egingo dira: film labur zein luzeen bi proiekzio, hitzaldi bat eta antzerki bat.

Apirilaren 30ean eta maiatzaren 14an, 19:00etan Amurrio Antzokian, bi emanaldi egingo dira, eta sarrera doakoa izango da leku guztiak bete arte. Lehenengo egunean, sei film labur proiektatuko dira: Les filles ne marchent pas seules la nuit, Elsa, 17 minutos con Nora, No deberías, Berak Baleki eta To the future, with love. Bigarren egunean, berriz, Nos corps sont vos champs de bataille (Gure gorputzak zuen gudu-zelaiak dira) film luzea emango dute.

Emanaldien ostean, maiatzaren 17an, 18:00etan Kultura Etxean, LGTBIQA+fobiari aurre egiten hitzaldia eskainiko du Aldarte Elkarteak. Azkenik, programazioari amaiera emateko, maiatzaren 27an, Anarkia Relacional antzezlana izango da, 19:00etan San Anton plazan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago