Astelehen honetako 05:30ak aldera, sute handi bat piztu da Laudioko Garnica fabrikan (Maderas de Llodio), Gardeako industrialdean, eta bi ordu eta erdiz gogor lan egin dute suhiltzaileek, 08:00ak aldera sua itzaltzea lortu duten arte. Fabrikako langileek beraiek eman dute abisua.
Dirudienez, lehen hipotesien arabera, sutea fabrikako galdaran sortu da, oraindik ezagutzen ez diren eta ikertzen ari diren arrazoiengatik; galdara horrek fabrikako enborren lehortegia elikatzen du. Sutearen ondorioz ez da zauriturik egon, baina kalte materialak handiak izan dira.
Arabako eta Bizkaiko suhiltzaileez gain, Osakidetzako hainbat anbulantzia, Babes Zibileko agenteak, Ertzaintza eta Laudioko Udaltzaingoa bertaratu behar izan dira. Itzaltze lanez gain, suhiltzaileek sutea itzaltzeko erabilitako ura jaso eta bideratzeko esku hartu behar izan dute, olio eta apar hondarrak baitzituen.
Azken hilabetean gertatutako bigarren sutea da gaurkoa, martxoaren 20an lantegiko tximinia batek su hartu baitzuen.
Gau lantsua Laudion Garnica lantegian pic.twitter.com/gUvVemNMp0
— Arabako Foru Suhiltzaileak (@BomberosAraba) April 25, 2022
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!