Arabako hiriburuan eta beste herri askotan bezala, Laudiok ere jai tradizionala eta danborrada klasikoa ospatuko ditu San Prudentzio eguneko bezperan, apirilaren 27an, pandemiaren ondorioz izandako bi urteko etenaldiaren ostean.
Horretarako, Rakatapla aisialdi, gastronomia eta kultura taldeak kalejira bat antolatu du: asteazkeneko 22:00etatik aurrera, Aldai Plazatik abiatuta, herriko kaleetan zehar ibiliko dira danbor-joleak. Amaitzeko, San Prudentzioren erretreta interpretatuko dute, eta 00:00etan ikurrina igoko dute Herriko Plazan.
Bestalde, herriko txikiek ere beren danborrada propioa izango dute. Laudio Ikastolak antolatutako eta Milagrosa, Lamuza eta Latiorro ikastetxeen parte hartzea izango duen ekitaldia 17:30ean hasiko da Herriko Plazan, eta Batzalarrin, Araba, Zumalakarregi, Ibaizabal, Alberto Acero plaza, Batzalarrin eta Herriko Plaza zeharkatuko ditu. Danborradaren ostean, eguraldiak aukera ematen badu, Laudioko txikiek tailerrak eta disko-dantza izango dituzte Alberto Acero plazan. Euria egiten badu, ordea, jarduerak Aldai plazan izango dira.
Lehiaketa eta dastaketa
Gainera, maiatzaren 1ean, igandean, herriko beste klasiko bat berreskuratuko dute: barraskiloak saltsan lehiaketa eta dastaketa, Rakatapla elkarteak antolatuta. Lehiaketaren 28. edizioa izango da, eta parte hartu nahi dutenek egun bereko 09:00etatik 10:00etara eman ahal izango dute izena Herriko plazan. Kazolen aurkezpena 12:30ean izango da.