Espazioaren diseinuagatik saria jaso du Aiaraldea Ekintzen Faktoriak

Erredakzioa 2022ko api. 12a, 09:57

Duela urtebete jarri zuten martxan Ekintzen Faktoria, Laudion. / Aiaraldea ataria

"Jardun kooperatiboa eta inklusiboa modu adimentsuan azpimarratzen duen disenu estrategia garatzea" baloratu du arkitektoen elkargoak.

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak 2022ko arkitekturako sarien zortzi modalitateen emaitzak argitaratu ditu, eta, horien artean, Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren barne diseinua goraipatu du. Hiru urtean ematen diren sarien XIV. edizio honetan 168 hautagaien artean aukeratu dituzte irabazleak; besteak beste, Arabako EHAEO egoitzan egindako lanak ere aitortu ditu.

Aiaraldea Ekintzen Faktoria eraikinari dagokionez, Beñat Saratxagak eta Gentzane Goikuria profesionalek egindako lana azpimarratu du epaimahaiak, eta nabarmendu du proposamenak programa konplexu eta askotariko bati eman diola erantzuna, "bere jardun kooperatiboa eta inklusiboa modu adimentsuan azpimarratzen duen disenu estrategia baten bidez". Era berean, nabarmendu du proposamena neurri handi batean autoeraikuntza komunitarioaren bidez egindakoa dela, eta prozesuen eta materialen izaera jasangarria errespetatuta. "Erabilerari dagokionez, oso positiboki baloratu da espazioan garatu daitezkeen erabileren kantitate eta kalitate handia, baita prozesuaren ondoriozko irudia ere: herri bat sukalde baten barruan, non espazio publikoa eraikin txikietan barreiatzen den, era guztietako jarduerei bide emanez". 

Arabako EHAEOren egoitzan Natxo Ibarrondok eta Pablo Ortiz de Zaratek egindako lanak ere saria jaso du "erabileren eta espazioen antolamendu bikaina" dela eta, "itxuraz formalista den ebazpen baten bidez, baina ondo aztertutako erabaki logikoen bitartez". Lokalaren bokazio publiko argia baloratu dute, Arkitektoen Elkargoa herritarrengana hurbiltzeko asmoa duena: horretarako, eremu publikoa nagusitzen da, alde batetik bestera garatzen dena, bi fatxadak hartuz. "Helburu hori lortzeko ahalegina goraipatzekoa da, eta emaitza, laudagarria. Epaimahaiak, era berean, materialen erabilera egokia ikusi du, baliabide, eginkizun eta ezaugarri ekonomikoak bateratzen baitituzte".

Sarituen artean, gainera, Roberto Ercilla arkitekto arabarraren estudioak Malagako unibertsitatean egindako lana ere nabarmendu dute. Eta Fernando Bajo eta Pablo Carreton arkitekto arabarrek parte hartzen duten Radio Vitoriako El Ladrillo irratsaioak ere saria jaso du; asteroko programa honetan arkitekturari eta hirigintzari buruzko gaiak jorratzen dituzte. 

Sari banaketa Iruñeko Baluarten egingo da ekainaren 14an, asteartea, 18:00etatik aurrera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide