Astelehen honetan plazaratutako ohar batean, Tubacexeko enpresa batzordeak bere babesa adierazi die, besteak beste, Tubacex, Petronor, PCB, Metal Bizkaia eta Artiacheko lan gatazketan parte hartzeagatik inputatutako langileei. Jakitera eman dutenez, dagoeneko epaitegietan daude hainbat langileren aurka irekitako prozedura penal eta administratiboak.
Horrekin batera, iazko greba mugagabearen ondorioz enpresa batzordeak berak jasotako "isun oldea" salatu dute: "Langile klasea beldurtzeko ahalegin berri batean, oraingoan justifikaziorik gabeko zigor ekonomiko neurrigabearen bidez. Bereziki mingarriak dira Laudioko udaletik Tubacexeko langileei jarritako isunak", deitoratu dute.
"Gure ustez, greba egitea edo manifestazio batean parte hartzea ezin da delitu izan. Langileen borroka kriminalizatzeko ahalegin hori ez da kasualitatea, erabaki politikoa baizik. Lan gatazken aurrean, Eusko Jaurlaritzak, langileak bakarrik uzteaz gain, enpresen ondoan jartzen da eta Ertzaintza beraien esku jartzen du, segurtasun pribatua balitz bezala", kritikatu du enpresa batzordeak.
Tubacexeko langileen ordezkarien ustez, "lan gatazkak ordena publikoaren aurkako egintza gisa" tratatzen ari dira, eta Eusko Jaurlaritzako agintari politikoek erakutsi dute "haientzat manifestaziorako edo grebarako eskubidea kontrolatu beharreko ekintzak direla, ez babestu beharreko eskubideak".
Azkenik, Mozal Legearen aplikazioa salatu dute: "Administrazio zuzenbidearen bidez, bide judizial penaletik lortu ezin diren zigorrak lortu nahi dituzte; batzuei espetxe zigorrak eta beste batzuei neurriz kanpoko isun ekonomikoak. Nahikoa da", gaineratu dute.