Arrue etxean bueltan nahi dute

Juanma Gallego 2022ko api. 7a, 08:00

Laudioko tren geltokira doan tunelean Arrueren lau koadro jarri dituzte, margolariaren obra ezagutarazteko. LAUDIOKO UDALA

Jose Arrue margolariaren ekarpena eta memoria aitortzeko ekimen sorta bat abiatu du Laudioko Udalak. Laudioko seme kutuna izendatzeko proposamena eramango dute udal osoko bilkurara.

Herriak harekin zuen zorra kitatzeko unea iritsi da: astearte honetan, Jose Arrue (1885-1977) margolariaren heriotzaren 45. urteurrenarekin batera, Laudioko Udalak artista honen obra kalera eramateko ekimena abiatu du. Jende guztiak ikusteko aukera izan dezan, lau koadro jarri dituzte tren geltokiko tunelean. Ez da bakarra izango, egun horretan bertan aurreratu dutenez. Izan ere, udalak urte osoan zehar ekimen desberdinak antolatu ditu Arrueren omenez.

Bilbon jaio bazen ere, Arruek Laudion eman zituen haren bizitzaren azken 37 urteak. Hortaz, eta haren ibilbide artistikoa aintzat hartuta, udal gobernuak uste du herriko seme kutuna izendatua izateko arrazoi nahikoa badirela. "Udalek euren biztanleei eman diezaieketen ohore gorena da hori", gogora ekarri du udalak prentsa ohar batean. Azaroan aurkeztuko dute proposamena, osoko udal bilkuran, eta, artistak Laudion eta Euskal Herri osoan utzi zuen aztarna ikusita, ez dirudi zaila izango denik proposamena berrestea.

Arrueren lana ez da guztiz oharkabean pasatu herrian, baina udalak onartu du orain arte egin direnak ekimen "puntualak" izan direla. Kasurako, 1973an haren obrekin erakusketa bat egin zen herrian, eta 1981etik artistaren izena darama Laudioko kale batek. 1994an ere Kepa Sojo historialari eta zinemagile laudioarrak El reflejo de Llodio en la pintura de José Arrue liburuan jorratu zuen Aiaraldeko herriak artistaren obran izan zuen eragin nabarmena. Baina, horietaz gain, udalak dio margolariak Laudiori egin zion ekarpena ezagutarazteko eta aitortzeko "ezer gutxi" egin dela orain arte. Horren aurrean, Laudiok "margolaria omendu era haren memoria" mantentzeko ekitaldi sorta zabala antolatu du, guztiak aurten egitekoak.

Lan ezezagunak

Batetik, margolariak estatua bat izango du Alberto Acero plazan. Abenduaren 13an aurkeztuko dute, Santa Luzia egunarekin batera. Lourdes Umerez eskultorearen esku utzi dute Arrueren arima betiko islatzen saiatzeko ardura.

Estatua horren aurkezpena artistaren lanak bilduko dituen erakusketa baten amaierarekin batera izango da. Udalak erakusketaren inaugurazioaren data zehatza argitu ez badu ere, aurreratu du bertan ikusi ahalko direla "orain arte plazaratu gabeko lan ezezagun batzuk". Zentzu honetan, kontuan izan behar da Arrueren lanak ez zirela soilik koadroetara mugatu, eta haren bizitza artistikoan zehar produktu askotarako irudiak prestatu zituela: liburuak, kartelak, publizitate euskarriak, posta txartelak... horietan guztietan jasota geratu zen Arruek hain berezkoa zuen estilo kostunbrista. Erakusketan azaldu ez ezik, horri buruz osatuko duten katalogo batean betiko jasota geratuko dira margolariaren lan horiek, udalak adierazi duenez. Horrez gain, artistaren "itzal unibertsalari" buruzko hiru hitzaldi egingo dituztela aurreratu dute, bertan parte hartuko dituzten adituen izenak ezagutarazi ez badituzte ere. 

Belaunaldi berrien artean  artistaren gaineko ezagutza zabaldu aldera, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei begira hainbat material prestatuko dituzte ere, eta umeentzako ikuskizun bat egingo dute "artista kutunarekiko eta haren obrarekiko keinuz josia". Azkenik, eta Arrueren lanetan erromeriek zuten presentzia oso nabaria zela aintzat hartuta, ahaleginduko dira pertsonekin osatutako erromeria bat irudikatzen. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago