Greenpower-Bridgestone zirkuitua lehen aldiz egingo dute Araban

Erredakzioa 2022ko mar. 21a, 13:00

Apirilaren 3an Laudiora iritsiko da Greenpower-Bridgestone zirkuitua. / LAUDIOKO UDALA

Greenpower-Bridgestone zirkuitua Araban ospatuko da lehen aldiz. Apirilaren 3an, Laudioko Erdiguneko plazan, Lehen Hezkuntzako ikasleak lehiatuko dira beraiek eraikitako auto elektriko eta ekologikoekin.

Martxan da Greenpower Iberia-Bridgestone zirkuituaren lehen edizio arabarra. Soluzio aurreratuetan eta mugikortasun jasangarrian munduko liderra den Bridgestonek antolatzen eta babesten du lehiaketa estatu mailan, Alfonso Libano Firestone fundazioarekin batera.

Aurten lehen aldiz ospatuko da Araban, Arabako Foru Aldundiaren eta Laudioko Udalaren babesarekin. Egitasmoa gaur aurkeztu dute Ana del Val Kultura Saileko foru diputatuak, Miguel Moral Alfonso Libano Firestone Fundazioko patronoak, Paul Riley Greenpower Iberia programako presidenteordeak eta Ander Añibarro Laudioko alkateak.

Martxoaren 13an Bilbon abiatu eta igande honetan, hilaren 20an, Bermeotik igaro ondoren, ekimena Laudiora iritsiko da apirilaren 3an: Erdiguneko plazan izango da, 10:00etatik 14:00etara, eta Bizkaiko eta Arabako hainbat ikastetxetako hamar taldek hartuko dute parte; neska talde bat, bi mutil talde eta hainbat talde misto. Kasu honetan, Goblings izeneko modalitatea izango da, beraz, 9 eta 11 urte bitarteko Lehen Hezkuntzako haurrek hartuko dute parte.

Energia jasangarritasuna

9 eta 25 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendutako STEM hezkuntza programa eta autoen lasterketa multzo bat da Greenpower-Bridgestone Zirkuitua. Parte hartu ahal izateko, auto elektriko bat diseinatu eta eraiki behar dute. Auto guztiek motor elektriko eta bateria berdinak dituzte, baina nork bere erara eraiki dezake autoaren karrozeria eta alderdi mekaniko zein elektrikoak.

Ondoren, lehiaketetan, bateria agortu gabe kilometro gehien egitea lortzen duen autoak irabazten du; ez du azkarrenak irabazten, baizik eta energiaren ikuspegitik modu eraginkor eta jasangarrian gidatzen duenak.

Ikasleek eskolaz kanpoko ordutegian edo curriculum jarduera gisa garatzen dituzte autoak, taldetan, eta horrek STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) trebetasunak garatzea ahalbidetzen du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago