Historia eta bide asko gurutzatzen dira Laudiotik bost bat kilometrora kokatuta dagoen Ermuko Andra Mariaren zelaietan: Burdin Hesiaren ibilbideak Espainiako Gerraren aztarnak erakusten ditu; Kontrabandisten bideak, berriz, estraperloak herri, mendi eta basoetan izan zuen garrantzia; eta, santutegiaren inguruan dauden ibilbide zirkularrek elur-zuloak, karobi zaharrak, Isusi auzoa eta santutegia bera deskubritzeko modurik erakargarrienak dira.
Gainera, mendizale asko eta asko ibiltzen dira bertatik asteburuetan zein astegunetan, Ganekogorta edo Kamaraka mendietara igotzeko asmoarekin. Laudioko herrigunetik Santa Luziako zelaietara oinez edo autoz irits daiteke; bost kilometroko aldapa luzea dago, eta autoarekin igoz gero kontu handiz ibili behar da, errepidea estua baita. Isusi auzoko baserriak zeharkatu eta gero ageri da iaz atondu zuten aparkalekua, santutegia, Santa Luziako ermita eta ondoan 2020an zabaldu duten Kumeak taberna eta jatetxea.
Antzina, elur-zuloetako izotzarekin garrafa-limonada egiten zen. Ermualdekoa da ezagutzen den errezeta zaharrena.
2002ko abenduaren 4an kultura-ondasun gisa inskribatu zenetik, Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian jasota dago Ermuko Andra Mariaren eliza, monumentu multzoen kategorian eta, beraz, babes berezia du. Ondoren, 2015ean, Laudioko Udalak plan estrategiko bat onartu zuen hura kontserbatzeko, eta hurrengo sei ekitaldietan hainbat esku-hartze arkeologiko egin dira, aurreko herrien eta tenpluen aztarnak argitara atera dituztenak.
Berez, Ermuko Andre Mariaren Santutegia hiru eraikinek osatzen dute: Andre Mariaren eliza, kanpandorrea eta Santa Luzia ermita. Laudioarrek ezagunagoa dute Andra Mariaren santutegiaren alboan dagoen Santa Luzia ermitatxoaren izena Ermualde izena baino, eta Santa Luzia deitu ohi diote ingurune osoari. Gainera, urtero, maiatza aldera ospatu dute bertan erromeria eta jaia, bederen pandemia jazo zen arte.
1.400 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten Burdin Hesiaren eraikuntzan
Bada, Ermuko Andre Mariaren elizaren ondoan, Kamaraka mendiaren hegaletan, aurkitu daitezke Burdin Hesiaren ibilbidera eramaten duten seinaleak. Bilboko Defentsa Lerro hori laurogei kilometroko luzera baino gehiago zuen gotortutako lerroa zen. Eusko Jaurlaritzak eraikitzeko agindua eman zuen, Espainiako Gerran Bilbo eta bere ingurua matxinatutako tropen aurrean babesteko. Lan horretan 14.000 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten, 1937ko udaberrira arte. Kamaraka mendian, lan horren aztarna ugari gorde dira: lubakiak, babeslekuak eta metrailadoreentzako habiak, besteak beste.
Laudioko defentsa lerroa 3. sektorean zegoen, eta Bilbo urez hornitzeko Zolloko urtegia babestea zuen helburu Kamarakako egiturak. Argibide-paneletan jasotzen dira, halaber, gerrarekin lotutako beste pasadizo batzuk: Laudioko aerodromoaren eta Aretako ospitale nagusiaren eraikuntzaren historia edo Lamuza jauregiak Araba batailoiaren egoitza eta instrukzioa lekua izan zela.
Burdin Hesiaren ibilbidearekin batera ere premia larriko garaiei lotutako kontrabandisten bidea erakusten da, iraganean Bilbotik Gaztelara zergak pagatu gabe merkantziak garraiatzeko inguruko herritarrek erabiltzen zuten bidea. Paisaia eta historia erakargarriak biltzen ditu bidezidorrak.