Astelehen honetan, martxoaren 7an, Aiaralderako Berehalako Ekintza Plana aurkeztu dute Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, Laudioko Lamuza Kasinoan. Eusko Legebiltzarrean sortutako Eskualde Behartsuei buruzko Ponentziaren bidez sortutako plan horrek 33 jarduketa zehatz aurreikusi ditu, eskualdeko ekonomia eta gizartea suspertzeko "funtsezkoak" diren zortzi ardatz edo proiektu traktoretan bilduta.
Berehalako Ekintza Plana 24 milioi euroko aurrekontuarekin hornitu du Eusko Jaurlaritzak, eskualde behartsuak edo lehentasunezko arreta-guneak bultzatzeko plan berezi baten bidez; horrez gain, Diputazioak beste 4 milioi euro jarri ditu, neurrien eragina handitzeko asmoz. Hortaz, guztira 28 milioi euroko injekzio ekonomikoa izango du Aiaraldeak.
Trakzio-proiektuek hainbat ezaugarri komun dituzte, eta, besteak beste, nekazaritza, kultura, enplegua, Lanbide Heziketa, osasuna eta etxebizitza jorratuko dituzte. Planteatutako jarduketak 2022 eta 2023 artean gauzatu beharreko inbertsio jarduera zehatzak dira, kasu batzuetan 2024ra arte luzatuko diren arren.
1. proiektua: Suspertze ekonomikoa eta industria-dibertsifikazioa
Lehen proiektu traktorearen helburua industria modernizatzea eta lur zein eraikin industrialak berreskuratzea izango da:
- Laudio Glass Hub: Aiaraldea beiraren sektorean estatu eta nazioarte mailan erreferentziazko hub gisa kokatzeko.
- Eraginkortasun energetikoa: deskarbonizazioa eta ingurumen aztarna murriztea.
- Lurzoru eta eraikin industrialen inbentarioa egitea eta berreskuratzea.
- Aiaraldea Industria Lab: start-up proiektuak erakartzeko, sortzeko eta bizkortzeko zentro bat sortzea.
- Industrialdeak modernizatzea: baldintza egokiak dituzten industrialdeen eskaintza bat izatea.
2. proiektua: Nekazaritzako elikagaien sektorea
Eskualdean nekazaritzako elikagaien sektorea dibertsifikatzea eta garatzea:
- Nekazaritza enpresen hazitegia sortzea, lur-banku esperimental batean: ekintzailetza berrientzako eta nekazaritza-industriako enpresa txikientzako gune bat.
- Hegaztiak eraldatzeko zentro bat sortzeko bideragarritasun-azterlana.
- Nekazaritzako elikagaien dinamizaziorako jarduketa osagarriak: nekazaritzako elikagaien sektorea, landa sektorea eta lehen sektorea bultzatzea, laguntza programak zabalduz eta azpiegitura berriak aztertuz eta abian jarriz.
3. proiektua: Turismoa eta merkataritza
Dibertsifikazio ekonomikoa bultzatzeko, turismo eta merkataritzaren sektorea sustatzea:
- Turismoaren sektorea sustatzea: eskualdeko aktibo turistikoei balioa emateko publizitate ekintzak eta bidaia agentziekin ohitzeko bidaiak.
- Txakolinaren Ibilbidea garatzea: txakolin upeltegien turismoari balioa emateko, upeltegietan eta mahastietan kultur programazioa bultzatzea.
- Artisau produktuen ibilbide gastronomikoa: eskualdeko gaztari eta bertako beste produktu batzuei —hestebeteak, perretxikoak, trufak edo destilategiak— balioa emateko eskaintza turistikoa antolatzea.
- Museoen sarea: museo enologikoen sare indartsua dagoenez, jardunaldi tematikoak antolatzea.
- Dorretxeen ibilbidea: eskualdeko ondare arkitektonikoaren elementu ikoniko gisa, dorretxeen inguruko ibilbide turistiko-kultural bat garatzea.
- Kexaa: Aiara udalerriko herri hori egokitzea erabilera turistikorako, turismoaren trakzio elementu gisa eta bere balio historiko eta kulturala nabarmentzeko.
- Ekitaldi bereziak: ardoen, gazten eta bestelako produktuen dastatzeak, museoetan, txakolindegietan, gaztandegietan... Horrez gain, dauden ekitaldiak sustatzea, hala nola Okondoko Baserriaren Azoka.
- Marka turistikoa: bezeroak erakartzeko marka turistiko bat diseinatzea.
- Merkataritza eta turismoa indarberritzeko plana: merkataritza enpresa guztien eta kontsumitzaileen behar eta itxaropenen arteko distantziak murriztea, merkataritzaren dinamizazioa eta eguneratzea bultzatuz.
- Turismoa sustatzeko beste jarduera batzuk: Bizkaiko udalerrientzat garrantzitsuak diren jardueren garapena.
4. proiektua: Kultura
Dibertsifikazio ekonomikoa bultzatzeko, kulturaren sektorea sustatzea:
- Urduñako kultura ondare berezia zaharberritzea eta balioestea: Txarlazo mendia, Antiguako Ama Birjinaren monumentua, hirigune historikoko harresia eta Elizaren plaza zaharberritzea eta balioztatzea, prozesu kaltegarriak geldiarazteko edo egitura indartzeko.
- Artzeniegako monumentu multzoa hobetzeko esku-hartzeak: eskualdeko elementu ikoniko gisa, haren balio historiko eta kulturala nabarmentzeko eta abandonu zein degradazio prozesuak minimizatzeko.
- Laudioko antzoki berria eraikitzea: etorkizun hurbilean kultur mailan erreferente izan dadin, eskualdeak eskaintza handiagoa izan dezan eta zeharka bere inguruan jarduera sozial eta ekonomikoa sor dezan.
5. proiektua: Enplegua eta Lanbide Heziketa
Enplegua eta Lanbide Heziketako proiektuak:
- Beirari eta industria inguruneari lotutako Lanbide Heziketa Politeknikoko Zentroa, eta emakumeen artean STEAM bokazioak sustatzea.
- Prestakuntza, berrikuntza eta ekintzailetza proiektuak Amurrioko eta Laudioko LHko ikastetxeetan, laugarren industria iraultzak planteatzen dituen erronkei erantzuteko.
- Hizkuntza Eskolak ikastaroak edo prestakuntza moduluak eskaintzea, batez ere ingelesez, eskualdeko langileen hizkuntza gaitasunak indartzeko eta, ondorioz, haien enplegagarritasuna hobetzeko.
6. proiektua: Zerbitzu publikoak
Gizarte kohesioa eta etxebizitza sozialak bultzatzeko proiektuak:
- Etxebizitzak proiektu sozialetarako lagatzea: beste erakunde batzuekin lankidetza-hitzarmenak sinatzean datza, proiektu sozial zehatzak garatzeko etxebizitzak lagatzeko, hala nola gizarte-bazterkeriako egoeran dauden kolektiboekin lotutako edo etxebizitzarekin lotutako gizarte larrialdiko egoerei erantzuteko proiektuak.
- Adimen desgaitasunerako baliabidea, eguneko zentroz eta egoitza zentroz osatua: erabiltzaile guztiei laguntza sistema integrala ematea ingurune lasaian, ingurumen baldintza erosoekin, bizi erritmo lasaiak bultzatuz eta bizi kalitate hobea lortzera bideratuz.
7. proiektua: Hiri-berroneratzea
Hiri-berroneratzea, auzo kalteberetan etxebizitza eta ingurumena sustatuz:
- Jarduketa integrala auzo kalteberetan: Amurrioko Goikolarra auzoan eta Urduñako Landatas eta Dolores Madaria auzoetan alokairuko etxebizitza sozialak eta zuzkidura-bizitokiak zuzenean sustatzeko jarduerak garatzea, aukera ekonomiko gutxiago dituzten biztanleentzat.
8. proiektua: Ingurumena eta mugikortasuna
Mugikortasun iraunkor eta jasangarria bultzatzeko, azpiegiturekin eta ingurumenarekin lotutako neurriak:
- Nerbioiko Parke Linealaren garapena: eskualdeko udalerri guztien mugikortasun jasangarria eta landa eta hiriaren arteko lotura bultzatzea, Nerbioiko Parke Linealaren trazadura zabalduz. Azpiegitura osoaren hamaika zatietan gauzatzeke dauden bost zati aintzat hartu dira.
- Bide berdeak zabaltzea: eskualdeko udalerriak lotzen dituzten bide berdeak berregokitzea, adibidez, arekak konponduz, kartelak eta seinaleak jarriz edo atsedenleku txikiak sortuz.
- Mugikortasun iraunkorra bultzatzeko azpiegiturak: lur publikoetan disuasio-aparkaleku bat eraikitzea, ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak jartzea barne.