Laudioko Gaztetxea desalojatu eta hiltegian kokatu nahi du Udalak

Erredakzioa 2022ko ots. 23a, 10:00
Laudioko Gaztetxeak berriz ireki zuten larunbatean. / Argazkia: @LaudioGaztetxea

Bi urte itxita egon ostean, Laudioko Gaztetxea berriz ireki dute, baina Udalak agindu judiziala eskatu du espazioa utzarazteko. Asteazken honetan, tokiko erakundeak gaztetxea hiltegi zaharrean kokatzea proposatu die gazteei.

Joan den astean zehar atontze lanak egin ostean, Laudioko Gaztetxeak bere ateak berriz ireki zituen larunbatean. Auzolanekin jarraitzeaz gain, asteburu osoko egitaraua eskaini zuten. "Laudioko gazteok espazio politikoak behar ditugu eskubide politikoen defentsan antolakuntza indartzeko", adierazi zuten gaztetxeko kideek sare sozialen bidez.

 

Haatik, aste berriarekin batera, Laudioko alkate Ander Añibarrok (EAJ) jakinarazi du Udalak bide judizialera jo duela, Gaztetxea desalojatzeko eta eraisteko agindu judiziala lortzeko asmoz. Azken egunetan, gainera, Udaltzaingoa behin baino gehiagotan bertaratu da Gaztetxera, hainbat gazte identifikatuz.

Kultur Etxeko obrak direla eta, Laudioko Udalak 2020ko urtarrilean eman zuen Laudioko Gaztetxea husteko agindua. Duela urtebete, gazte asanbladako kideek gaztetxea berriz ireki zuten, itxita mantentzeko erabakia "erabat arbitrarioa" zela salatuz; baina handik gutxira udaltzainek desalojatu egin zuten. Hortaz, bi urte itxita izan da Lamuza parkeko espazioa.

Kultur Etxeko lanak 2023an amaitzea dago aurreikusita, baina gaztetxeko kideek ohartarazi dute Udalak ez duela bermatu obrak amaitzean lokala berreskuratu ahal izango dutenik; Udalak, ordea, ziurtatu du gaztetxea gazte asanbladari itzuliko zaiola lanak amaitzen direnean, baita obrak irauten duten bitartean behar dutena gordetzeko espazio bat dutela ere.

Gaztetxea hiltegi zaharrean

AIARALDEA hedabideak argitaratu duenez, Gaztetxea hiltegian kokatzea proposatu du Laudioko Udalak. Gazte asanbladarekin asteazken goizean egindako bileran, Gaztetxea egungo kokalekura itzuliko ez dela jakinarazi die tokiko erakundeak gazteei. "Guk, gure aldetik, egungo espazioan geratuko garela esan diegu, baina prest agertu gara negoziatzen jarraitzeko", azaldu dute gazte asanbladako kideek. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide