Amurrio eta Laudio lotuko dituzte, berdintasunaren alde

Erredakzioa 2022ko otsailaren 19a

Ostiralean aurkeztu dute edizio berria. AMURRIOKO UDALA

Martxoaren 13an egingo da Eskualdeko III. Ibilaldi Neurtua, Kaskagorri eta Altzarrate klubek antolatuta.

Berdintasunaren aldeko Eskualdeko III. Ibilaldi Neurtua berreskuratu dute Aiaraldean, behin pandemiaren tarterik latzena gaindituta. Martxoaren 13an egingo dute, Kaskagorri eta Altzarrate klubek Amurrio, Aiara eta Laudioko udalekin elkarlanean.

Familian egiteko moduko ibilaldia izango da, zailtasunik gabeko 12.400 metroko ibilbide lauaren bitartez. Martxoaren 10era bitartean izena eman ahalko da, edo kamisetak agortu arte.

Parte hartzaileak 10:00etan aterako dira aldi berean Amurriotik eta Laudiotik, eskualdean "berdintasuna indartzea eta sustatzea" helburu, ohar batean ezagutzera eman dutenez.

Ibilbidearen erdian, Luiaondon, hornidura puntu bat jarriko dute, gosea eta egarria asetzeko. Pilaketak saihesteko, baina, hornidura hori gelditu gabe egingo dute. Bestetik, martxaren amaieran doako autobusak jarriko dituzte parte hartzaileen eskura, nor bere herriari bueltatzeko.

Izena emateak 5 euroko kostua izango duen arren, 2020an izena eman zutenek ez dute ordaindu beharko, pandemiaren erruz martxa hori bertan behera gelditu zen eta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago