Inauterietan Kakarro Birigarro mozorro lehiaketa berreskuratuko du Amurriok

Erredakzioa 2022ko ots. 14a, 12:00
Kakarro Birigarro mozorro lehiaketaren iraganeko edizio bat. / Argazkia: HAUXEDA

Amurriok inauterien ospakizunari berrekingo dio aurten, Kakarro Birigarro mozorro desfile-lehiaketarekin, kale animaziorako eskaintza zabalarekin eta dekorazio lehiaketarekin. Egitarau oparoa antolatu dute otsailaren 26rako eta martxoaren 1erako.

Pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileak amaitu dira, eta aro berri honen lehen geltokia izango dira ate joka dauden inauteriak. Amurrion programazio espezifikoa izango dute otsailaren 26an eta martxoaren 1ean, eta hiru jarduera nagusi antolatu dituzte.

Alde batetik, ohiko Kakarro Birigarro mozorro desfile-lehiaketa berreskuratuko dute; bestalde, denda eta ostalaritzako dekorazio lehiaketa egingo dute; azkenik, egitaraua osatzeko, kale animazioa izango dute herriko kaleetan zehar, musika, disko-festa eta txokolatadarekin.

Kakarro Birigarro

Larunbatean, hilaren 26an, egutegian gorriz markatutako hitzorduetako bat berreskuratuko dute: Kakarro Birigarro mozorro lehiaketa. Aurtengo gai nagusia itsasoa izango da, ume eta helduen kategorian. Desfilea 19:00etan hasiko da Santa Maria elizatik, Mariaka eta Mariganbon buru direla; Elexondo, Crucero, Aiara eta Iturralde kaleetatik igaroko da, Juan Urrutia plazan egingo den txokolatadarekin amaitzeko.

Parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea, eta otsailaren 21etik 25era bitartean egin ahalko da, 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, Kultur Etxean.

 

Dekorazio lehiaketa

Mozorro lehiaketarekin batera, Amurrioko saltokiak eta ostalaritza establezimenduak 2022ko inauterietako parte izango dira, bertako lokalak apainduz eta dekorazio lehiaketa antolatuz. 200 euroz eta Kakarroren irudi batez osatutako sari bana egongo da inauterietan girotutako saltokien erakusleiho onenarentzako eta taberna onenarentzako.

Izena emateko epea otsailaren 21ean irekiko da, 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, Kultur Etxean. Otsailaren 25eko 13:30ean amaituko da.

Kale animazioa

Horrez gain, larunbateko programazioa osatzeko, kale animazioko hainbat jarduera antolatuko dituzte: 17:00etatik 18:30era, musika animazioa kaleetan zehar, Txaranga Kalean fanfarrearekin; 17:00etatik 18:30era, musika animazioa Juan Urrutia plazan, Bombo Festa taldearekin; 20:00etatik 22:30era, disko festa Juan Urrutia plazan, Bombo Festa taldearen eskutik; eta 20:30ean, mozorro eta dekorazio lehiaketen sari banaketa.

Martxoaren 1ean, inauterietako asteartean, programazioa San Anton Plazan egingo da 16:45etatik aurrera, Aurrerakak eta Gazteen Gurutze Gorriak antolatuko duten txokolatadarekin. Ondoren, 17:00etan, umeentzako Xaibor Berria musika ikuskizuna izango da, koreografia eta lehiaketekin, besteak beste. Ospakizunei aamaiera emateko, Kakarro Judas erreko dute, 18:30ean Juan Urrutia plazan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide