Mozorro lehiaketa klasikorako prestatzen hasi dira Laudion

Erredakzioa 2022ko ots. 9a, 17:20
Otsailaren 24ra arte eman daiteke izena mozorro lehiaketan. / Aiaraldea ataria

Programatutako jarduerak otsailaren 26an eta martxoaren 1ean egingo dira. Laudioarren aratustetako ikono protagonista ere ez da faltako: Lezeagako Sorgina ezaguna.

Inauteriak bertan dira, eta egoera epidemiologikoa baikorragoa den arren, oraindik ere neurriak hartuko ditu Laudioko Udalak, eta prestatu duen programa beste urte batzuetakoen aldean desberdina izango da. Ekitaldiak otsailaren 26an eta martxoaren 1ean egingo dira, eta horietan ez da laudioarren aratusteetako ikono protagonista faltako: Lezeagako Sorgina ezaguna. Otsailaren 26an desfileari hasiera emateaz gain, martxoaren 1ean, 19:00etan, Lezeagako Sorginaren eskutik unerik berezi eta magikoenetako bat biziko dute herritarrek: txarkeria sutara.

Bitartean, otsailaren 26an eta martxoaren 1ean, laudioarrek desfileak, musika-animazioa, ikuskizun ibiltariak eta ume-parkeak izango dituzte. "Oraingoan, jende-pilaketak saihesteko, jarduera ibiltariak aukeratu ditugu. Hala, herritarrek modu seguruan gozatu ahal izango dituzte ekitaldi guztiak", aurreratu du Maite Cortazar Kultura eta Herritarrekiko Harremanetarako zinegotziak.

Laudiok bere mozorro-lehiaketa klasikoari eutsiko dio. Parte hartu nahi dutenek ihauteriak2022@laudio.eus helbidera mezu elektronikoa bidaliz eman beharko dute izena. Izena emateko epea otsailaren 24ko 00:01etik 25eko 24:00etara egongo da zabalik. Kultur Etxean ere eman ahal izango da izena, baina hori 26an izango da, 16:30etik 17:45era. Sari-banaketa desfilea amaitu ondoren eta banaka egingo da, hau da, saria jaso duen pertsona bakoitzarekin telefonoz harremanetan jarrita. Eta taldearen ordezkari bakarra joan ahal izango da saria jasotzera. 

Mozorro lehiaketaren kategoriak eta sariak

  • 21 pertsona baino gehiagoko taldeak: 1. saria 450€ / 2. saria 300€ / 3.saria 150€
  • 8 eta 21 pertsona arteko taldeak: 1. saria 250€ / 2. saria 150 € / 3. saria100€
  • Talde txikiak: 1. saria 150€ / 2. saria 75€/ 3. saria 50€
  • Helduak banaka: 1. saria 100€ / 2. saria 50€
  • 12 urtetik beherako umeak banaka: 75 eurotan (1. saria) eta 50 eurotan(bigarren saria), hurrenez hurren, baloratutako opari ludiko-didaktikoak.
  • Karrozak: 1. saria 300€ / 2. saria 200 €/ 3. saria 100€
  • Animazioa: 1. saria 150€
  • Sari berezia: 1. saria 150€

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide