Lanuzteekin jarraituko dute Tubos Reunidoseko langileek, erosahalmena berreskuratzeko

Erredakzioa 2022ko ots. 8a, 18:29
Tubos Reunidoseko langileek urtarrilean ekin zieten lanuzteei. / Argazkia: AIARALDEA

Negoziazioen blokeo egoera amaitu ezean, Tubos Reunidoseko langileek martxoaren 4ra arte luzatuko dituzte ordubeteko lanuzteak. Hitzarmen duina exijitzen dute, azken bost urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzeko.

Egunero ordubeteko lanuzteak egiteari ekin zioten Amurrioko Tubos Reunidos enpresako langileek urtarrilean. Aste honetan salatu dutenez, enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren negoziazioa "blokeatuta" dago, eta egoera horri aurre egiteko mobilizatzen jarraitzea erabaki dute. Hasiera batean, martxoaren 4ra arte luzatuko dira paroak, negoziazio mahaian aurrerapausorik ez badago.

Izan ere, bost urte igaro dira hitzarmena berritu zen azken alditik. Denbora horretan zortzi ABLEE aplikatu dira, eta, sindikatuen arabera, lan baldintzek okerrera egin dute.

"Zorra handia da, akziodunek bere garaian jaso zituzten mozkinen ondorioz. Gainera, 2021ean zor hori diru publikoarekin handitu zen, ziurtasunak baino zalantzak gehiago sortzen zituen ustezko plan estrategiko bat gauzatzeko. Zoritxarrez, ziur gaude zor hori langileek ordaindu beharko dutela", ohartarazi du ELA sindikatuak.

Gainera, ELAk salatu duenez, zuzendaritzak uko egin dio 2017 eta 2021 urteen bitarteko KPIa berreskuratzeari: "Zuzendaritzaren soldatek, aldiz, igotzen jarraitzen dute", kritikatu dute. "Ez dugu onartuko 2021eko KPIa hitzarmen berri baten trukerako txanpon gisa erabiltzea. Zuzendaritzak uko egin zion iaz akordio bat ixteari, eta horrek berekin dakar 2021a atzerapenen beste urte bat izatea, 2017-2020 aldiarekin batera; horiek dira negoziazio-estrategia negargarriaren ondorioak".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide