Indiako 47 familiaren egoera hobetzen lagunduko du Amurriok

Erredakzioa 2022ko otsailaren 8a

Udalak Vicente Ferrer fundazioarekin zuen hitzarmena berritu du. AMURRIOKO UDALA

Vicente Ferrer fundazioaren lana bultzatzeko 10.000 euroko diru laguntza bideratu du udalak, Indiako herrixka batean bizi direnen egoera hobetzeko.

Amurrioko Udalak Vicente Ferrer Fundazioarekin duen lankidetza hitzarmena berritu duela ezagutarazi du gaur. Aurreko urteetan jorratutako bideari jarraiki, aurten udalak 10.000 euroko laguntza emango dio fundazioari, Indian egiten ari diren egitasmo baterako.

Indiako Anantapur barrutian dagoen Ragulapadu landa komunitatean 47 etxebizitza eraikitzeko egitasmoa da finantzatu dutena. Horrekin, bertako familiei "etxebizitza duina izateko eskubidea" eman nahi diete.

Udalak bidalitako ohar baten arabera, Vicente Ferrer fundazioak osasuna eta higienea hobetu nahi ditu bertan, eta baita familia horien estatusa ere –Indiako leku askotan kasta bidezko estratifikazio sozial zurruna mantentzen da oraindik–.

Giza ingurune "inklusibo, duin eta segurua" lortu nahi dute herrixka horretan. Fundazioaren arabera, 47 emakume eta haien senideak izango dira etorkizunean etxe horien jabeak. Horietatik hiru desgaituak dira. 

Ildo beretik, saneamendurako eskubidea landuko dute ere, komunen erabilerak duen garrantzia azpimarratzeko. Horrez gain, pobreziaren sorgin gurpila hautsi nahi dutela adierazi dute, "ahalduntze sozioekonomikoa" bultzatuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago