C3 linea pandemia aurreko egoerara bueltatzeko eskatu dute

Erredakzioa 2022ko ots. 7a, 17:29

Bilbon hasi eta Urduñaraino doa C3 linea. ALEA

Aiaraldea zeharkatzen duen tren zerbitzuak "okerrera" egin duela salatu du EH Bilduk. Tren zerbitzu "lehiakorra" bermatzeko eskatu diote RENFEri.

Aiaraldea zeharkatuz Bilbotik Urduñara doan C3 tren linearen egoera hobetzeko udaletan mozioak aurkeztuko dituela iragarri du EH Bilduk. Alderdiaren esanetan, 2020tik RENFEk ematen duen zerbitzuaren kalitateak "okerrera" egin du, eta azken hilabeteotan etengabean zerbitzuak bertan behera utzi izan dira.

Urduñako (Bizkaia) tren geltokian egindako agerraldi batean egin dute salaketa, gaur goizean. Bertan gogora ekarri dutenez, duela bi urte gaiaren bueltan udaletan mozioak aurkeztu zituzten, baina egoera ez da hobetu.

Alderdiak nabarmendu duenez, mozio horiez gain, Espainiako Senatura ere eraman zuten aldirietako zerbitzuaren egoera. Besteak beste, alderdiko senatari Idurre Bidegurenek gaiari buruz galdetu zion Espainiako Gobernuari. Jasotako erantzunean, gobernuak zioen ez zegoela "arazorik". Alderdiaren arabera, hori ez zen, ordea, langileekin egindako bileren ostean jasoa zuten ikuspuntua.

“Gidari berrien kontratazioarekin, bazirudien egoera hobetu zela baina gure harridurarako, zerbitzuak txarrera egin du azken hilabeteetan”, salatu du alderdiak. Horren adibidetzat jarri dute atzerapenak Twitter bidez zabaltzen dituela RENFEk, "gutxieneko denbora tartearekin, erabiltzaileei eragozpen eta arazo ugari sortuz".

Mozioen bitartez, alorreko Espainiako ministerioari eta RENFEri eskatuko diote pandemia baino lehen zeuden ordutegietara eta zerbitzu kopuruetara bueltatzeko, bai eta bermatu dezatela ere herritarren "premiekin bat" datorren tren zerbitzu "lehiakorra"

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago