Aste honetan ALEAk argitara atera duenez, Gasteizko epaile batek euskara "zaila" dela argudiatu du hizkuntza eskakizun bat saihesteko. Argudio horren bitartez, eta 45 urte gorako bitarteko funtzionarioei euskara eskatzea "diskriminatzailea" dela esanez, hizkuntza eskakizuna ez betetzeagatik lanpostua galdu zuen bitarteko funtzionarioari arrazoia eman dio epaileak.
Langileak 1.295 ordu eman zituen euskara ikasten, baina soilik 1. hizkuntz eskakizuna aurkeztu zuen, eta ikasteko "ahalegin horrekiko batere sentsibilitaterik" agertu ez izana leporatu dio epaileak Udalari. Hortaz, langilea berriro lanpostuan hartu eta indemnizazioa ordaintzeko agindu du.
Oihartzun handiko epaiak polemika eta haserrea piztu ditu Euskal Herri osoan, bereziki euskalgintzako eragileen artean. Ander Añibarro alkateak ofizialki iragarri du Laudioko Udalak epaiaren aurkako helegitea aurkeztuko duela.
Testuinguru horretan, epaiaren aurrean beren desadostasuna agertu dute Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintzak, eta elkarretaratze bateratua deitu dute larunbaterako, otsailaren 5erako, 12:30ean Laudioko herriko plazan, Euskaraz bizitzearen alde. Eskubide murrizketarik ez! lelopean. Eragile sozial eta politiko guztiei parte hartzera dei egin diete, Laudioko Udalaren erabakiaren kontrako epaia salatzeko.
"Euskal hiztunen eskubideen aurkako botere judizialaren oldarraldiari batasunezko erantzuna" ematera deitu dute.
"Aurrekari oso arriskutsua"
Kike Amonarriz soziolinguistak, AIARALDEA hedabidearekin izandako solasaldi batean, "aurrekari oso arriskutsutzat" jo zuen Laudioko Udalak jasotako aurkako epaia, eta horrelako kasu gehiago etorriko direla iragarri zuen: