Hezkuntza jardunaldi irekiak martxan dira Aresketa ikastolan

Erredakzioa 2022ko urt. 25a, 08:36
Nelida Zaitegi pedagogoak zabaldu ditu jardunaldiak.

Urtarrilaren 28ra arte, eta urtero lez, Hezkuntza Jardunaldi Irekiak antolatu ditu Aresketa ikastolak. 'Giro batean hezitzen gara. Giro batek hezi egiten gaitu. Inguruneak' lemapean. Hitzaldi guztiak Katekexi aretoan dira, 19:00etan.

Nelida Zaitegi irakasle eta pedagogoak zabaldu ditu Amurrioko Aresketa ikastolak antolatu dituen XXI. Hezkuntza Jardunaldi Irekiak, zaintzaren etikaren inguruko hitzaldiarekin; ingurune hezitzaileak sortzeko eta zaintzeko erronkak aztertu zituen horretan.

Hurrengo hitzaldia, asteartean, hilaren 25ean, eskainiko du Gorka Saitua pedagogoak Gorputzari kasu eginez mirariak sortzen dira titulua duen hitzaldiarekin. Asteazkenean, berriz, Aitor Urieta psikologo klinikoa eta eskola orientatzailea osasun mentalari buruz arituko da, eta honako galdera hauei erantzuten saiatuko da: "Zer ote da osasun mentala? Bizitzen ari ganerari era egokian erantzuteko tentsio emozionalak erregulatzea? Zeintzuk dira egungo gizarteak gure haur eta nerabeengan areagotzen dituen tentsio horiek? Zelan dago lotuta "txarto portatzea" osasun mentalarekin". 

Ostegunean, Amaia Gomez Platas psikologo eta psikoterapeuta izango da Aresketa ikastolaren jardunaldietan; entzuketa emozionala eta zaintza aztertuko ditu: "Gure barne munduarekin bakea eginez gero, gure seme-alabei eta ikasleei ere lagunduko diegu beren emozioak arautzen". Azkenik, ostiralean, Estibaliz Linaresek itxiko ditu jardunaldiak. Gizarte lanean graduatua dago Linares eta Deustuko doktorea eta ikertzailea da. Z eta Alpha belaunaldiak. Aukerak eta arriskuak hitzaldia eskainiko du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide