Aitzina Folk

Bederatzi kantuz osatuko 'Baltik' diskoa aurkeztuko du Iñaki Palaciosek

Erredakzioa 2021ko abe. 29a, 10:00
'Baltik' diska aurkeztuko du Iñaki Palaciosek Amurrion. AITZINAFOLK

Irlandako doinuak jaso ditu musikari gasteiztarrak, baina ikuspegi musikal eklektiko batetik abiatua. Gaur, Aitzina Fokl jaialdiaren barruan aurkeztuko du diskoa, Amurrioko Antzokian.

Iñaki Palacios (Gasteiz, 1988) txistulariaren musika ibilbidea sendotzen doa poliki-poliki. Txistua jotzeaz harago doan musika egitea gustuko du, eta halaxe sortu ditu orain arte argitaratutako diskoak ere. 2017an sartu zen aurrenekoz estudio batera, Lurra, ardoa, dantza lehen diskoa grabatzeko. 2019an berriz, Harria diskoa plazaratu eta Iñaki Perurena eta Mulixka dantza taldearekin batera ikuskizun berezia taularatu zuen.

Baltik izeneko disko berriarekin, berriz, Irlandako doinuetara garamatza, bertako jende, pub eta tradizioetara, baina dena Europa iparraldean nagusi den ikuspegi musikal eklektiko batetik abiatuta. Txistulariak azaldu duenez, Baltik Irlandan erabiltzen den esamolde bat da eguraldi meteorologikoa txarra denean, hau da, hotz handia, euri etengabea eta haize jelatua, dena batera dagoenean. Musikalki, ordea, “Baltik diskoak ez du erakusten hoztasunik, ongi babestu da txistuaren zolitasuna, eta ez bakarrik ondoan dituen tresnekin, baita erakutsi nahi duen bi herrialdeen nortasun eta ezaugarri musikalekin, biak batuta; euskal eta zelta moldagarritasunak uztartuta, senidetuta”.

Hirugarren disko hau The Gael’s taldearekin sortu du, eta nabarmendu duenez, lanak ez du aurreko biekin zerikusirik, nahiz eta euskal musika tradizionala presente dagoen oraingoan ere.

Diskoak biltzen dituen bederatzi kantuak txistulariarenak dira, Step ahead izan ezik, Eskoziako Ali Levack-ena da azken hau. Palaciosek hainbat musikari izan ditu alboan lan berria ontzeko, horien artean daude: AMAK taldeko Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kris Solano Baltik abestian; Goiatz Dutto That boot is for me kantan eta Alan Dogherty We’ll toast together again abestian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide