'Satiro', sexu-instintu gordinenak irudikatzen dituen izakia, Faktorian

Erredakzioa 2021ko abe. 26a, 10:00

'Satiro' lana aurkeztuko du Santi Agirrezabalal. KULTURKLIK

Antzerkia eta txokolatea zikloaren barruan aurkeztuko dute Santi Agirrezabala aktore gaztearen bakarkako lehen lana.

Satiro baten rolean sartuta, bi urte daramatza bere eta besteren kontzientziak astintzen Santi Agirrezabala (Azpeitia, 1997). Sexua eta maskulinitatea hartu ditu gaitzat Satiro bakarrizketan, kaiolan lotutako izaki bihurtuta. "Inpaktua sortu nahi zuen obra bat zen, –azaldu du Agirrezabalak Uztarrin egindako elkarrizketan– eta inpaktua sortu du, eta nik uste onerako izan dela, gainera. Sekula antzerkira joango zela pentsatuko ez nukeen jendearengana ailegatu da, eta gero jende hori kalean etorri egin zait zenbat gustatu zaion esatera".

Antzerkia eta txokolatea zikloaren barruan aurkeztuko dute Satiro, Aiaraldeko Faktorian, 18:00etatik aurrera, abenduaren 26an. Zikloaren helburua da herritarrak antzerkira gerturatzea eta teloien atzean ezkutatzen den horretaz solastea sortzaileekin, txokolate goxo baten konpainiarekin beti ere. Horregatik antzezlanaren ostean, sortzailearekin solasaldia izango da.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago