Amonei buruzko istorioak ipuinetan ezagutzeko hitzordua

Erredakzioa 2021ko abe. 22a, 10:00

Dorleta Kortazar narratzaile gipuzkoarra izango da Amurrion. ESKORIATZA.EUS

Dorleta Kortazar narratzaileak 80 amandre aurkeztuko du Amurrioko Katekesian, Aiaraldeko berbalagunen eskutik.

Dorleta Kortazar (Eskoriatza, 1974) ipuin kontalaria da. "Berba" hitza maite du, "berbak dira nire lanerako tresna eta horregatik zaintzen ditut tentuz". Ipuin tradizionalak, berak sortuak eta egile berrienak kontatzen ditu, helduentzat, haurrentzat eta nerabeentzat. "Kontatzen dudanean, bestelako mundu bat posible dela sinesten dudalako. Diote, begiekin eta batez ere irribarrearekin kontatzen dudala, gozo, xamur, euskara garbi eta zainduan".

Amurrioko Katekesi aretoan, 18:00etan, Berbalagunek antolatuta, bere azken lana aurkeztuko du Kortazarrek: 80 amandre, isildutako istorioei ahotsa emateko asmoz sortutako ipuin kontaketa. Lau ipuinez osatuta dago ikuskizuna, eta ordubeteko iraupena du; protagonistak ere lau emakume dira. "Nire amamen istorioak direla esaten dut, baina, azkenean, arketipoekin jokatzen dugu; hau da, nire amamei buruz kontatzen dut, baina nork bere amamak ikusten ditu. Beraz, amama guztiei buruz hitz egiten dut".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago