Gazte bat epaitu dute Tubacexen gertatutako lan heriotza salatzeko ekintza batengatik

Erredakzioa 2021ko aza. 30a, 14:17

Elkarretaratzea egin dute Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean. / Argazkia: @ERNAIaiaraldea

Ernaiko kide bat epaitu dute gaur Gasteizen, 2019ko uztailean Tubacexeko langile baten lan heriotza salatzeko ekintza bat egiteagatik; Fiskaltzak 7.000 euroko zigorra eskatu du kalte-ordainetan. Kanpoan elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute.

Astearte honetan, Ernai gazte antolakundeko kide bat epaitu dute Gasteizko Justizia Jauregian, 2019ko uztailean Tubacex enpresak Laudion duen lantegian jazotako lan heriotza salatzeko ekintza bat egitea egotzita.

Uztailaren 3an gertatutako lan istripu hilgarri hartan, 25 urteko langile gazte bat hil egin zen. Gau horretan bertan, lan heriotza salatzeko ekintza bat egin zuen Ernai gazte erakunde independentistak, lantegiko fatxada margo gorriarekin zikinduz. Ertzaintzak gazte bat atxilotu zuen, eta, Tubacexek jarritako salaketa baten harira, bere kontrako prozedura judiziala abiatu zen 2019ko irailean.

Fiskaltzak 7.000 euroko zigorra eskatu du gazte ekintzailearentzat, enpresa multinazionalari ordaindu beharreko kalte-ordain gisa.

"Berriro egingo genuke"

Epaiketa 10:00etan hasi da, eta Ernaik elkarretaratzea deitu du 10:30ean epaitegiaren aurrean, Tubacexeko mafia epaitu dezatela! Oraina margotuz, etorkizuna eraiki! lelopean, gazteari elkartasuna adierazteko. Gazte erakundearen ustez, Tubacexeko zuzendaritza izan beharko litzateke epaitua, lan heriotzen aurrean "inolako erantzukizunik hartu ez duelako".

Gainera, lantegi berean gertatutako beste lan istripu hilgarri bat salatzeko ekintza batengatik auzipetutako eta gero absolbitutako gazteek hitza hartu dute epaitegiaren atarian, kideari elkartasuna adieraziz eta "berriro egingo" luketela azpimarratuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago