Euskararen Eguna

Amurrio ekitaldiz beteko da Euskararen Egunaren bueltan

Erredakzioa 2021ko aza. 23a, 19:32

Sandra Berganek jaso du Amurrioko denda euskaldunetan gastatzeko bonoa. / AMURRIOKO UDALA

Amurrioko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu aurtengo Euskararen Eguna ospatzeko: abenduaren 2an eta 3an, grafiti tailerra, irakurraldia, Topagunearen adierazpena eta txokolate jana; eta hilaren 4an, egun osoko jaialdia Luiaondon.

Urtero legez, Euskal Herri osoko auzo eta herriak martxan dira abenduaren 3an —eta aurreko zein osteko egunetan— Euskararen Eguna ospatzeko, baita Araban ere. Amurrioko Udalak egitarau berezia prestatzen ari da jada, herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko asmoz.

Horretarako, hainbat jarduera antolatu dituzte udalerrian, abenduaren 2tik 4ra bitartean. Hilaren 2an, ostegunean, Juan Urrutia plazan —euria egiten badu, San Antonen— grafiti tailerra egingo dute ikastetxeekin batera; honako hauek dira hitzorduak: 10:15etik 11:00etara Mendiko, 11:00etik 11:45era Aresketa, 11:45etik 12:30era Amaurre, 12:30etik 13:15era Zabaleko eta 13:30ean Zaraobe.

Ostiralean, abenduaren 3an, Euskararen Egunarekin batera, literatura irakurraldia antolatuko dute Guk pasalekuan —euria egiten badu, Udalbatza aretoan—; honako hauek dira hitzorduak: 10:15etik 11:00etara Mendiko, 11:00etik 11:45era Aresketa, 11:45etik 12:30era Amaurre, 12:30etik 13:15era Zabaleko eta 13:30ean Zaraobe. Arratsaldean, berriz, Euskaltzaleen Topaguneak adierazpena egingo du kandelen argipean, 18:30ean. Azkenik, 19:00etatik aurrera, txokolate jana eskainiko dute bertan.

Larunbatean, hilaren 4an, Luiaondon (Aiara) antolatutako egun osoko jaialdiarekin bat egingo du Amurriok, Euskara aktibatu, mintzatu, kontsumitu eta inplikatu lelopean.

 

Eskatu euskaraz eta saria irabazi kanpaina

Bestalde, Amurrioko Udalak jakinarazi du herriko merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko Eskatu euskaraz eta saria irabazi kanpaina amaitu dela dagoeneko, 24 establezimenduren parte hartzearekin. Kanpainaren aurtengo edizioa "oso positibotzat" jo dute, euskararen erabilera nabarmen igo baita establezimendu gehienetan.

Egitasmoak iraun duen bitartean, hainbat sari zuzen banatu dira: botilatxoak, poltsak eta deskontu kupoiak, besteak beste. Gainera, parte hartzaile guztien artean zozketa bat egin ondoren, Sandra Berganek irabazi du kanpainako sari nagusia; 300 euroko bonoa jaso du, Amurrion gehiago irabazi euskararekin ekimenean parte hartzen duten dendetan gastatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago