Ander Añibarro buru duen Laudioko udal gobernu taldeak prest ditu 2022. urteko aurrekontuak, pandemiaren testuinguru sozioekonomikoak markatutako hirugarren urteko lehen egunetik inbertsioei ekiteko asmoz. "Udalerriko ekonomiaren, gizartearen, kulturaren eta aisialdiaren susperraldirako" planteatuta daudela azpimarratu dute alkateak berak eta Eva Marquinez Ekonomia eta Zergen Kudeaketa zinegotziak.
Udal aurrekontua 23.492.359,61 eurokoa izango da; 2021ekoa baino txikiagoa, ur-zikloaren kudeaketa integralerako ur-partzuergoari atxikitzearen eta hiltegiaren jarduera etetearen ondorioz, batez ere.
Aurrekontuak jasotzen dituen partiden artean, besteak beste, udal euskaltegirako 789.687,88 euro, langileen ordainsarien %2ko soldata igoera eta diru laguntzetarako 2,7 milioi euro (%3 gehiago) nabarmentzen dira. Azken puntu horri dagokionez, hainbat kolektiborentzako laguntza lerroak aurreikusi ditu Laudioko Udalak: eskariaren araberako taxi programa landa ingurunean bizi diren pertsonentzat, animaliak garraiatu eta sakrifikatzeko laguntzak —udal hiltegiaren itxieraren ostean—, alokairua ordaintzeko laguntzak gazteentzat, negozio berrietarako alokairurako laguntzak, langabeak kontratatzeko laguntzak edota gizarte larrialdietarako laguntzak.
Bestalde, 9 milioi euro inguru —aurrekontuaren %40— Udalaren ondasun eta zerbitzu arruntetako gastuetarako dago konprometituta; igoera horren arrazoietako bat auzoen garbiketaren maiztasuna handitzeko kontratu berria dela azaldu du Marquinezek.
Gainera, "kaleetara bizitza itzultzeko", udalerriko kultur eta jai jardueretarako 500.000 euro partida berreskuratuko dute.
Inbertsio nagusiak
Alkateak eta zinegotziak "funtsezkotzat" jo dituzten hainbat inbertsio proiektu nabarmendu dituzte, horietako batzuk herritarrek beraiek proposatutakoak:
- Lamuzako parkeko haur-parke berria: 150.000 euro.
- Jose Matia inguruan hondakinak biltzeko sistema pneumatikoa abian jartzea: 190.000 euro.
- Rokodromo bat instalatzea: 75.000 euro.
- Lamuza plazatxoa 21-35 urbanizatzea: 75.000 euro.
- Ellakuriko igerilekuak hobetzea: 60.000 euro.
- HAPOa berrikusteko lanak hastea: 70.000 euro.
- Aretako parkean estalitako espazio berri bat egokitzea: 25.000 euro.
Tasak eta toki erakundeen funtsa
Aurrekontua finantzatzeko, 2022ko tasak eta prezio publikoak eguneratu dira, zerbitzuak emateko estimazioekin eta onartutako ordenantza fiskaletan ezarritakoarekin bat etorriz.
Horrekin batera, azpimarratzekoa da Toki Erakundeak Finantzatzeko Funtsaren (TEFF-FOFEL) bitartez Aldunditik jasotako diru kopurua 12,5 milioi eurora igo dela eta aurrekontuaren %55 inguru hartuko duela. Gainera, urtean zehar bestelako diru laguntzak bilatuko ditu udal gobernuak, Europako funtsetan "arreta berezia" jarriz; izan ere, hainbat deialdirako proiektuak aurkeztu dituzte, eta horiek ebatzi zain daude.