Mendiko izarrak, Amurrion

Erredakzioa 2021ko aza. 18a, 10:00

Alex Txikonek irekiko du topaketa. ALEA

Mendi jardunaldiak antolatu ditu Amurrioko Mendiko Lagunak taldeak, azaroaren 18tik 27ra bitartean. Alex Txikon, Pou Anaiak, Ana Zamorano edo Kepa Lizarraga izango dituzte gonbidatuen artean.

Alex Txikon lemoarrak zabalduko ditu, azaroaren 18an, Amurrioko Mendiko Lagunak taldeak antolatu dituen mendizaletasunaren inguruko jardunaldiak. Txikon eta bere taldea 2016ko otsailean Nanga Parbateko gailurrera igo ziren, eta neguan mendi hori zapaltzea lortu duen lehen espedizioa izan ziren. La montaña desnuda dokumentalean bildu dituzte garaiko sentipenak eta bizitako gorabeherak, eta Amurrioko Antzokian proiektatuko dute dokumentala, 19:00etan. Halaber, hitzaldia egongo da, proiekzioaren ostean.

Espeleologiaren urratsak

Hurrengo egunean, berriz, Takomano Espeleo Taldeak azalduko du zer lan egin dituen Gorobelgo haitzuloetan azken urteetan; eta hurrengo egunean, azaroaren 20an, espeleologia irteera gidatuko du taldeak Gorobel mendilerroko koba batera. Larunbatean bertan, baina arratsaldez, Katekesi aretoan, Xabi Mujika Smithy mendizaleak Aizkorriko kanaletan barrena egin dituen igoerak gerturatuko ditu.

Mendia, historia eta arkeologia batuko dituzte igandean, azaroaren 21ean, Jon Obaldia historialariaren eskutik, eta txangoa egingo dute goizean, Babio mendiko Burdin Aroko herri harresitura. Hilaren 25ean, Kepa Lizarraga medikua eta kirol-medikuntzan adituak Pakistango iparraldeko bizitzari buruzko bideoa aurkeztuko du, eta, halaber, Alex Txikonekin K2ra Baltoro glaziarretik egindako espedizioa izango du hizpide.

Hilaren 26an, berriz, bizikleta izango da jardunaldien protagonista. Ana Zamorano dokumentalista, bidaiari eta argazkilari bizkaitarrak bi urtez bizikletan egindako bidaia kontatuko du; eta gero, Gorobel Mendi Ibilaldiko XXXIV. bideo eta argazki laburren lehiaketako sariak banatuko dituzte.

Mendi jardunaldiak Pou anaiek itxiko dituzte, hilaren 27an, bere ibilbideari errepasoa egiten dion Aupa Pou! liburuaren aurkezpenarekin. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago