PARTE HARTZEA

Umeek ere erabaki nahi dute

Erredakzioa 2021ko aza. 16a, 10:46

Herriko pilotalekuan egin dute lehen saioa. AMURRIOKO UDALA

Haurren Elkarguneak izeneko egitasmoan egindako lehen urratsen ondoren, pozik azaldu da Amurrioko Udala. Herriko umeak "erantzunkidetasunean" hezi nahi dituzte, parte hartzea bultzatuz.

Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailan ari diren hogei gazterekin abiatu dituzte Amurrion Haurren Elkarguneak. Proiektua urriaren 29an hasi bazuten ere, gaur kaleratu du udalak egitasmoari buruzko lehen balorazioa. 

Txerra Molinonuevo alkatearen hitzetan, "erantzunkidetasunean oinarritutako parte hartzea" sustatu nahi izan dute. Haurrek "euren iritzia emateko eta bizi diren udalerria hobetzeko gogoa" dutela ziurtatu du alkateak. Norabide horretan, herriko haurrak "ahaldundu" nahi dituztela dio Molinonuevok. 

Udal pilotalekuan egindako lehen bilkura horretan, bi helburu izan zituzten. Batetik, elkar ezagutzea. Bestetik, alkatearekin hitz egin eta iritziak trukatzea. Udalaren arabera, lehen topaketa horretan haurrek egindako galdera asko alkatearen figurari eta haren egitekoei buruzkoak izan ziren, hain justu.

Beste hainbat gai jorratu zituzten, hala nola animaliekiko bizikidetza, parkeak, aniztasuna, mugikortasuna edota ingurumena. 

Lan horiek segida izango dute. Izan ere, ikasturtean zehar bederatzi aldiz biltzeko konpromisoa hartua dute. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago