Euskarazko sortzaileen bila ari dira Aiaraldean

Erredakzioa 2021ko aza. 11a, 18:41

Luiandon egingo dute aurten Aiaraldeko euskararen eguna. AIARALDEKO EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA

Euskaraktibatu! lelopean, abenduaren 4an Luiaondon egingo duten euskararen eguneko azokan kuadrillako euskal kulturgile eta sortzaileak bildu nahi dituzte.

Euskaraz sortzen duten idazle, musikagile edo bestelako kultura eragileen bila ari dira Aiaraldean, datorren abenduaren 4an Luiaondon ospatuko den Aiaraldeko euskararen eguneko azokan parte hartzeko.

Bertan egoteko gonbita egin die kulturgileei Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak. Azoka hori eskualdeko kultur ekoizpenaren eta sortzaileen erakusleiho izatea lortu nahi dute. Bosgarren edizioa izango da aurtengoa, eta bertan kuadrillako euskarazko ekoizpenari "argazkia atera" eta "hauspoa eman" nahi diote. Modu berean, euskarazko kulturari ikusgarritasuna eman nahi diote, eta baita kultura produktuen kontsumoa bultzatu ere. Bertan saldutakoarekin eskuratzen den dirua sortzaileengana joango da. 

Parte hartzeko, antolatzaileekin kontaktuan jartzeko eskatu dute, info@aiaraldekoeuskalgintza.eus posta elektronikoan edo 688 86 29 49 telefonoaren bitartez. Azokara eraman nahi den produktuen zerrenda bat eman behar zaie. Ondoren, materiala haien esku jarri behar da, edo non eskuratu ahal duten jakinarazi. "Gainerakoa, gure kontu", agindu dute. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago