Aurrekontu parte-hartzaileak prestatzen hasi dira Amurrion, eta Udalak AmurriokoEKIN kanpaina abiatu du. Horren bitartez, udal aurrekontutik 430.000 euro zertan inbertitu erabaki ahal izango dute herritarrek.
Prozesu irekiaren nondik norakoak azaltzeko, Udalak liburuxka bat postontziratuko du Amurrioko etxe guztietan, erantsitako galdetegi batekin.
16 urtetik gorako amurrioarrek nahi beste ekarpen egiteko aukera izango dute, urriaren 20tik azaroaren 2ra bitartean, online —webgunean edo partehartzea@amurrio.eus helbidean— edo aurrez aurre —udaletxean, Bañueta kiroldegian eta Kultur Etxean, Herrilaguntzaileei entregatuta, edo azoka egunetan San Anton plazan jarriko diren karpetan—.
Aipatutako diru partida 2022 eta 2023 urteetako inbertsioen artean banatuko da; zehazki, 215.000 euro bideratuko dira urte bakoitzera. Izan ere, zati bat 48.000 eurotik gorako aurrekontua duten proposamenetara bideratuko da (2022an), eta beste zati bat 48.000 eurotik beherako proposamenetara (2023an, proiektuei forma emateko denbora gehiagorekin).
"Herritarrak prozesuan parte hartzera animatu nahi ditugu. Guretzat oso garrantzitsua da Amurrioko herritarren ikuspegia kontuan hartzea, herriaren etorkizuna planifikatzeko", azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.
Zer ekarpen egin daitezke?
Nolanahi ere, aurkeztutako proposamenek hainbat baldintza bete beharko dituzte:
- Amurrioko Udalaren eskumenekoak izatea.
- Ikuspegi teknikotik bideragarriak izatea.
- Urte bakoitzerako ezarritako gehieneko aurrekontuaren barruan sartzea, 215.000 euro gainditu gabe.
- Interes orokorrekoak izatea, eta ez pribatukoak.
- Gobernu taldeak ezarritako mugak errespetatzea, ekitatea, euskara, osasuna eta jasangarritasuna ez kaltetzeari dagokionez.
Faseak
Azkenik, prozesua lau fasetan gauzatuko da: proposamenen aurkezpena, proposamenen lehenespena, bideragarritasunaren azterketa eta bozketa.
Hasieran, jasotako proposamenek ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du Udalak. Ondoren, lehentasunak kontuan hartuta, hogei proiektu hautatuko ditu: 48.000 eurotik beherako kostua duten hamar proiektu eta gorako kostua duten beste hamar.
Azkenik, abenduan eta urtarrilean zehar, herritarrek bozkatuko dituzte proposamenak.