Tubacexen hasierako akordio bat dagoela iragarri dute

Erredakzioa 2021ko ira. 29a, 10:47

231 egun daramatzate greban Tubacexen. ALEA

Enplegu Erregulazioko Espedientea bertan behera geratu baino lehen kaleratuak izan ziren langileak berriro lanera itzuliko lirateke, lehen informazioen arabera. Sindikatuek ukatu dute akordioa lortu izana.

Jaurlaritzako Enplegu eta Lan Sailak iragarri du Tubacexeko lan batzordeak eta enpresaren zuzendaritzak hasierako akordioa lortu dutela. Radio Euskadik eta EFEk kaleratutako informazioaren arabera, zuzendaritzak onartu du langileen eskarietako bat: EAEko Auzitegi Nagusiak EEE Enplegu Erregulazioko Espedientea bertan behera utzi aurretik kaleratuak izan ziren langileak berriro lanera bueltatzea.

Sindikatuek kritikatu dute ustezko akordio horren berri filtratu izana. Agiri batean, ELAk zehaztu du beste bilera bat egiteko eskatu diotela Jaurlaritzari, "afiliazioari bidaliko zaion testu bat itxi ahal izateko". Sare sozialen bitartez, LABek ziurtatu du akordioren berririk ez dutela, eta ez dagoela momentuz bilerarik aurreikusita. 

Joan den ostegunean izandako azken bileran ez zuten akordiorik lortu Jaurlaritzak landutako proposamen baten inguruan. Ondoren, langileen ordezkariek agiri berria aurkeztu zuten, eta honen inguruan lortu da behin-behineko akordioa. Laudioko eta Amurrioko lantegietako langileek 231 egun daramatzate greban, eta ikusteko dago akordio honek grebaren amaiera ekarriko duen.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago