Tubacexeko grebak aurrera jarraitzen du, negoziazioak porrot egin ostean

Erredakzioa 2021ko ira. 24a, 13:30
Suzko barrikadak itzuli dira gaurko piketeetara. / Irudia: MADDI ISASI

Tubacexeko azken negoziazio saiakerak porrot egin du. Enpresa batzordeak uko egin dio Eusko Jaurlaritzak egindako akordio proposamenari, kaleratzeei eusten dielako; gainera, "zuzendaritzaren presioen aurrean amore ematea" leporatu diote.

Greba mugagabeak 226 egun bete dituen bitartean, ostegun honetan berriro bildu dira Tubacexeko zuzendaritza, enpresa batzordea eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saila. Irailaren 12an hasi ziren negoziazioak, eta ordutik lau bilera egin dituzte. Hala ere, hainbeste itxaropen sortu zuen azken negoziazio mahaiak ez du akordiorik erdietsi; gainera, oraingoz ez dago hurrengo bilera baterako hitzordurik.

Izan ere, langileen ordezkariek salatu dute Eusko Jaurlaritzak joan den astelehenean egindako proposamena aldatu duela, nahitaezko kaleratzeei eta 2021eko doikuntza ekonomikoei eutsiz —besteak beste, soldataren %2ko jaitsiera—. "Enpresaren presioei amore eman diela ulertzen dugu, eta horrek proposamena ez onartzera garamatza", azaldu du enpresa batzordeak komunikatu batean.

Hasieran planteatutako 129 kaleratzeen aurka Auzitegi Gorenak plazaratutako ebazpenaren kontrako helegitea kentzeko prest jarraitzen du zuzendaritzak, baina horretarako hainbat kaleratze mantentzea nahi du; betiere "borondatezkoak", enpresaren arabera.

Enpresa batzordea, ordea, ez dago prest kaleratzeak jasotzen dituen proposamenik onartzeko. Ostiral honetan, tentsio uneak eta suzko barrikadak itzuli dira Laudio eta Amurrioko piketeetara.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide