Pobrearen etxean zoriontasunak gutxi dirauela esan ohi da. Berdin gertatzen da emakumearen kasuan oro har, eta are gehiago gerra garaian. Espainiako Bigarren Errepublikak emakumezko askorentzat aurrerapen handiak ekarri bazituen ere, oso laburrak izan ziren urte horiek. 1936ko uztailaren 18an Francoren estatu kolpearekin eta ondorengo gerrarekin atzerakada handia pairatu zuten emakumeek. Errepresioa, indarkeria eta menpekotasun giro horretan emakumezkoek egin zuten lan isila azalera ekarri nahi izan dute Laudion.
Bertako Kultura Etxearen eta Kasinoko terrazaren artean banatu dute Itzalpeko Emakumeak izena duen erakusketa. Udalak antolatu du, Sabino Arana Fundazioaren babesarekin. Laudio erakusketa hartuko duen Arabako lehen udalerria izango da, eta azaroaren 6ra arte dago zabalik.
Kultura Etxeko hirugarren solairuan atondu dituzten paneletan jaso dute alde batetik Bigarren Errepublikatik frankismora doan denbora tartean hainbat emakumezkok gizartearen arlo desberdinetan –politikan, ekonomian, zientzian, kazetaritzan edo kirolean– izan zuten paper garrantzitsua.
Aurpegi ezagunak eta beste ezezagun batzuen biografiak tartekatu dituzte. Maria de Maeztu pedagogoa, Blanca de Silos aktore gasteiztarra, Conchita Montenegro modeloa eta dantzaria, Josefa Molera Mayo zientzialaria edo Eladia Altuna kirolaria agertzen dira, beste batzuen artean.
Jazarpena
Espainiako Gerran, ideologia ezkertiarreko emakume asko miliziano bezala aritu zirela ere gogoratzen du erakusketak. Kaxilda Hernaez Vargasen erreferentzia jaso dute horien artean, baita faxisten aurka frontean borrokatzera joan zen Esther Zilberberg mediku poloniar komunista ere.
Zerrenda luze batean ageri dira, bestalde, frankisten indarkeria pairatu zutenak. Fusilatuen zerrenda luzea da: Juanita Mir, Maria Gastesi, Maria Loinaz Lasa, Maria Oiarzabal Lekuona...; beste asko gainera bortxatuak izan ziren, Anttoni Telleria eta Maravillas Lamberto bezala; eta Saturrarango kartzelan edo kontzentrazio esparruetan milaka emakume ere sartu zituztela gogoratzen da.
Gerraren ostean, frankismoak isildu nahi izan zituen emakume horien guztien izenak eta bizipenak Laudioko Kultura Etxean ez direlako sartzen, Kasinoko terrazan ere erakusketaren zati bat dago ikusgai. Hain zuzen, Arabako bederatzi emakumeren irudiak eta urte ilunetan egin zuten ibilbidea jaso dira bertan: Pilar Isusi Monasterio, sor Teodora Errazti Salaberria, Angelica Orue Zubiaur, Maria Antonia Martinez Aldaiturriaga, Salutxu Etxebarria Garai, Gregoria Martin Ibarra, Francisca Urzelai Astobiza, Micaela Portilla eta Patricia Bilbao Uzkanga daude horretan.
Euskal Herriko emakumezko ugariren isildutako arrastoa berreskuratzeaz gainera, frankismoarekin batera emakumeak zokoratzeko eta menperatzeko zabaldu zen ideologia misoginoaren sustraiak ezagutzeko aukera ematen du Itzalpeko emakumeak erakusketak.