Amurrioko XXVII. Artzain Eguna ospatuko da igandean

Erredakzioa 2021eko irailaren 16a

Amurrioko Artzain Egunaren irudi bat. AIARALDEA

Egun berezia berreskuratu dute aurten, lehen sektoreari bultzada emateko asmoz. Ohitura denez, irailaren 18an, larunbatean, 12:00etan XVII. Kanpai kontzertua egingo dute.

Aurten, Amurrioko Artzain Egunean ez dira ohiko jarduera gastronomikoak egingo, dastatzeak eta gazta lehiaketa, besteak beste. Gainera, antolatutako ardien ile mozketa, artzain-txakur edo dantza erakustaldiak, edukiera kontrolatuta eta segurtasun-tartea gordeta egingo dira, eta bertaratzen direnek eserita egon beharko dute.

Programaren barruan, latxa arrazako ardi-aziendaren probintziarteko XXVII. lehiaketa izango da, 10:00etatik 14:30era, parkean: esne-ekoizpeneko Arabako aurpegi beltzeko eta aurpegi argiko artalderik onenen erakusketa; eskualdeko esne-kontroleko ardirik onenen erakusketa;eta  sasi ardi arrazako, Euskal Herriko Babes Bereziko arraza autoktonoko, ardien erakusketa. 

Bestalde, Idiazabal J.D. artzain gaztaren XIV lehiaketa, 10:00etatik 14:30era izango da, Juan Urrutia Plazan; eta etxeko produktuen salmenta eta erakusketa ere egingo dute, 10:00etatik 14:30era, San Anton Plazan. Eguneko ekitaldi nagusia 11:30ean egingo dute, Juan de Urrutia Plazan. Bertan, ongi etorria egingo zaie aurten omendutako artzainei: Ziorregiko Loli Abin Guaresti (Inoso), Jose Manuel Bilbao Elorza (Altube), Nieves Martinez de Albeniz Ubago eta Angel Mª Saez de Zuazaola Martinez de Lizarduy (Araia). Omenaldia, berriz, 13:30ean hasiko da

Gaztagintza erakusketa ere egongo da, 12:00etatik 12:30era, Juan de Urrutia Plazan; eta mozte-proba tradizionalaren eta zeelandaberritarraren erakusketa, 12:30etik 13:30era, udal parkean. Amaitzeko, artzain txakurren XXII. erakustaldia, 18:00etan,  izango da, Picaza Zelaiaren aurrean, Udal Igerilekuen ondoan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago