Lamuzako jauregia "moderno" eta "eroso" bihurtzeko apustua egin du Diputazioak

Erredakzioa 2021ko ira. 13a, 17:30
Cristina Gonzalez foru diputatua eta Gaizka Camino Arkitektura Zerbitzuaren burua, aurkezpenean. AFA

Hiru milioi euro baino gehiago inbertituko ditu Laudioko eraikinaren barnealdea zaharberritzeko.

Lau mila metro koadroko azalera eraikia duen eraikina zaharberritzeko oinarrizko proiektua aurkeztu du gaur Arabako Foru Aldundiak jendaurrean. Lamuza jauregiaren proiektuaren edukiaren berri Laudioko Udaleko zinegotziekin eta herriko kultura elkarteekin ere partekatu ditu goizean. Hala,  Diputazioak datozen asteetan lehiaketara aterako ditu oinarrizko proiektua garatzen duen gauzatze proiektuaren idazketa lanak, eta, ondoren, kontratatu egingo ditu, obrak 2022an lizitatu eta adjudikatu ahal izateko.

"Funtsezko helburuetako bat da Lamuza jauregia eraikin guztiz irisgarri bihurtzea, bi sarbideko igogailu berri baten bidez, desnibelak kenduz, zoladura batzuen kota aldatuz, arrapala txikiak erabiliz eta mugikortasun urriko pertsonentzako komun irisgarri berriak eraikiz. Proiektuak, gainera, korridore ardatz handi bat jasotzen du, jauregiaren mutur bat bestearekin lotzeko", azaldu du Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko eta Foru Administrazioko diputatuak.

Halaber, azpimarratu duenez, proiektuaren helburuetako bat barne lorategia eta barruan dagoen Kristalen Aretoa biziberritzea da. "Espazio berezi horrek bere izaera unitarioari eutsiko dio, banaketarik gabe, harreretarako, aurkezpenetarako eta erakusketetarako areto egoki gisa. Gauza askotarako erabil daiteke ... tokiko produktuak sustatzeko, hala nola txakolina eta gazta, inguruko erakundeen eta enpresen ekitaldietarako, Aiarako industria produktuen erakusketak egiteko…".

Erabilerei dagokienez, esan bezala, proiektuak eutsi egiten die irakaskuntzari eta prestakuntzari lotutako erabilera orokorrei, bai eta kulturari ere, haren adierazpen anitzetan. Eraberritze lanak hasi arte, Lamuza jauregian euskara eskolak (euskaltegia), KZ-gunea (ordenagailu aretoa), pintura artistikoko, zeramikako eta zura zizelkatzeko lantegiak, joste eta dantza eskolak eta haur ludoteka egon dira. Hainbat elkarteren egoitza ere bada.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide