Laudioko Udalak, Berdintasun Planean memoria historikoarekin lotuta zehaztutako helburuei jarraituz, Itzalpeko emakumeak erakusketa inauguratuko du ostiral honetan, 19:00etan, Kasinoko terrazan. Joan den otsailean estreinatu zen Tolosan, eta orain Laudio izango da erakusketa hartuko duen Arabako lehen udalerria.
Azaroaren 10era arte izango da ikusgai, Kultura Etxeko ohiko ordutegian: astelehenetik ostiralera, 10.00etatik 13.00etara eta 16.30etik 21.00etara; larunbatetan, 10.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. Aiaraldeko emakumeei zuzendutako berariazko espazioa ikusteko, berriz, Kasinoko ateak 17.00etatik 20.00etara egongo dira zabalik ostiral eta larunbatetan.
Sabino Arana Fundazioaren laguntzarekin antolatutako erakusketa ibiltari eta esklusibo honekin, XX. mendeko historian euskal emakume anonimoen ekarpenak berreskuratu eta zabaltzearen aldeko apustua egin nahi du Udalak. Horrela, laudioarrek aukera izango dute euskal emakumeek Gerra Zibilean eta gerraostean jasandako abusuak eta indarkeria ezagutzeko; baita baldintza gogor haietan gizarteko hainbat alorretan gailendu ziren emakumeen ekarpenak ere.
"Errepresio eta mendekotasun giro horretan, zenbait emakumek lan handia egin zuten, batzuk politikagintzan eta erresistentzian, beste batzuk kultur arloan, euskararen aldeko lanean edota gizarte zerbitzuetan", azaldu dute erakusketaren antolatzaileek. "Batzuk erbestea ezagutu zuten, bonbardaketengatik eta ezarri zituzten arau inposatzaileetatik ihesi. Beste batzuk, fusila bizkarrera bota eta guda zelaira joan ziren, erretagoardian erizain gisa aritu ziren, edo klandestinitatean diktaduraren aurka egin zuten. Eta hori guztia ama izanda".
Aiaraldeko emakumeak
Jakina, Laudio zein Aiaraldeko emakume zehatzak ere gogoratuko ditu erakusketak, Kasinoan prestatuko duten beregiko espazio batean. Zehazki, horietako hamarren testigantzak eta bizipenak bildu dituzte. "Baztertuta edota izkinatuta egon diren emakumeen aurpegiak, ahotsak, balioak eta funtzioak berreskuratu, zabaldu eta balioan jartzea da helburua. Baita emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunaren bidean gizartea sentsibilizatzea eta kontzientziatzea ere", azpimarratu du Maite Cortazar Kultura zinegotziak.
Azkenik, udalerriko gazteak sentsibilizatzeko asmoz, Laudio Udalak ikasleekin joateko aukera emango die herriko ikastetxeei.