Ostegun arratsalderako aurreikusita zegoen Tubos Reunidoseko zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien arteko bilera. Hala ere, planaren berri hedabideen bidez izan dute sindikatuek: Plan Industrial berriaren ondorioz, Trapagarango altzairutegia (Productos Tubulares, 420 langilerekin) eta Iruñeko lantegia (Acecsa) itxiko ditu enpresa taldeak, azpiegiturak eta plantillaren zati bat (Trapagarango 70 langile eta Iruñeko beste 40) Amurriora ekartzeko; gaur egun, 729 langile inguru ditu Arabako lantegiak.
Enpresaren arabera, 35 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu Aiaraldeko fabrikan, martxan jarriko den altzairutegi berriak deskarbonizazioa eta produkzioaren modernizazioa izango ditu helburu, eta aldaketak ez luke "eragin soziala izango duten kaleratzerik" suposatuko. Izan ere, sor daitekeen lan-soberakin guztia erretiro aurreratuekin bideratuko litzateke.
Taldearen argudioa da une honetan bi altzairu fabrika dituela %50eko erabilera ahalmenarekin, eta horregatik kontzentrazioa bultzatu nahi du errentagarritasuna bermatzeko. Horrela, Amurrioko altzairutegian karbono altzairuetan eta aleatuetan soldadurarik gabeko altzairuzko hodiak ekoizteko jarduera bultzatuko du, beroan ijeztuta eta hotzean luzatuta, gehienez zazpi hazbeteko diametroarekin.
Sindikatuen kritikak
Sindikatuek, ordea, enplegua suntsitzea leporatu diote zuzendaritzari. LAB sindikatuak ohar bidez salatu du aurkeztutako plan industrialak diru publikoz ordaindutako desindustrializazioa eta enplegu suntsiketa dakartzala, plana "zentzugabekeria eta astakeria" bezala definituz. Izan ere, uztailean 112,8 milioi euroko laguntza publikoa eman zion, SEPIk Tubos Reunidos taldeari.
"LAB eta ESK sindikatuek enplegua eta lan baldintzak mantentzeko klausula negoziatzeko eskatu genion zuzendaritzari. Enpresak uko egin zion horrelako ezer negoziatzeari. Aurkeztutako plan industrialean gure susmoak eta beldurrak baieztatu egin dira", deitoratu du LABek.
"Zuzendaritza 2018an saiatu zen Trapagarango lantegia ixten, eta langileen borrokak bakarrik lortu zuen itxiera geldiaraztea", gogorarazi du sindikatuak. "Oraingoan, gainera, diru publikoa erabiliko du bi lantegiak ixteko eta, Trapagaranen kasuan, Ezkerraldeko desindustrializazioan sakonduko du, Euskal Herriko eskualde zigortuenetako batean. Nafarroaren kasuan, langileak Amurrioko lantegira lekualdatzeaz hitz egiten du, hau da, zeharkako kaleratzeez".