Gaur gauean hasiko dira tren geltokia berritzeko lanak

Erredakzioa 2021ko abu. 30a, 17:09

Gauean hasiko dituzte tren geltokiko lanak. / Laudioko Udala

Guztira, hamar hilabete luzatuko dira lanak; besteak beste, nasak handituko dituzte eta igogailu berri bat paratuko dute.

Laudioko Udalak jakinarazi duenez, herriko tren geltokia berritzeko gaueko lanak gaur hasiko dira. Lanak egiteko ordutegia 00:00etatik 05:00etara luzatuko dela aurreikusi dute, mantentze-lanetarako tartea kontuan hartuta. Lanek sor ditzaketen eragozpen eta zaratak "ahalik eta txikienak" izatea espero dute Udaletik.

Zirkulazioaren beharrak direla eta, obrak gauez egingo dira. Trenbideak moztea ez da aukera gisa aztertu, eta, horregatik, trenen zirkulaziorik ez dagoen tartean aritu behar da. Lan horien barruan, besteak beste, nasak handitu, nasa-kota berria gainditzeko arrapalak egin, eta igogailuak kendu eta berriak jarriko dituzte.

Bi milioi euroko inbertsioa egingo du Renfek Laudioko tren geltokia berritzeko. Guztira, hamar hilabeteko iraupena izango dute lanek, eta Seranco enpresa arduratuko da hauetaz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago