Uda honetakoa hirugarren indusketa kanpaina izan da. Helburua lehenengo harresiaren indusketa egitea zen eta mendiaren defentsa nola egituratu zuten argitzea. Eremuaren amaierara iristeko denborarik izan ez duten arren, zeramika zatiak eta hezurren hondarrak berreskuratu dituzte, baita inguruko biztanleen abeltzaintza izaera berresten duen gaztanohol baten zati bat ere. Gainera, aurkitutako haziengatik ondorioztatu daiteke garaiko biztanleek nekazaritza ere ezagutzen zutela.
Uda honetan egindako prospekzioaren aurkikuntza handietako bat harresi zaharrean grabaturik aurkitu duten pieza bat da. 40 zentimetroko luzera du, 20 zentimetroko zabalera, eta grabatu bat goiko aldean. Indusketa kanpainaren zuzendaria Izoriakoa da, Jon Obaldia arkeologoa, eta Aiarako Udalak finantzatu du.