Asier Amondo | Aiaraldea

Ermualde, mugaldeko paradisua

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko abu. 16a, 14:00

Ermuako Andra Mariren Eliza, Ermualden. ASIER AMONDO

Arabatik Bizkaira pasatzeko gunea da Ermualde auzoa. Asier Amondorentzat bezala, laudioar gehienentzat pasalekua izan da Goikogane edo Kamarakatik etorri edota Ganekogorta edota Pagasarrirako bidean.

Ermualde Laudioko auzoa da, 3,4 kilometroko aldapa tontorra egin ostean agertzen den auzoa. Aurten, Euskal Herriko Itzuliak bertan zuen etapa amaiera. Aldapa asfaltatu hori saihesteko modua ere badago: Laudioko Lusurbeilanda auzunetik igota, bidea luzeagoa da baina ez hain aldapatsua, eta zuhaitzen gerizpean egin daitekeena. Bide bat zein bestea hartuta, Laudioko nekazal guneko auzo batera heltzen da. Bizilagun gutxi bizi dira bertan, baina orain taberna zabaldu dute berriro eta bisitari gehiago egon daitezkeen esperantza dute.

Ermualde, bestalde, Arabatik Bizkaira pasatzeko gunea da. "Toki horretatik gora egin dezakezun bideak Bizkaira eramango zaitu. Egia esan, Ermualde gehienontzat pasalekua izan da Goikogane edo Kamarakatik etorri garelako edota Ganekogorta edota Pagasarrirako bidean harrapatu gaituelako".

Asier Amondorentzat (Laudio, 1969) mendi txangoen etapa bat izateaz gain, oroitzapen ederren tokia da Ermualde, bertako jaiaren antolaketan eman dituen urte guztiengatik. "Basalarrina elkarteko kideek eta Laudioko AEKko kideek une zoragarriak pasatu ditugu bertan; ama Lolaren bazkaria Ussiatarren txokoan, bertatik pasatu diren bertsolariak, erromeria taldeekin sorturiko harremana...".

Jaia maiatzaren amaierako edo ekainaren hasierako astelehen batean izaten zen, betiere "Aste Santuak markatzen zuen eguna". Gazte sasoian igande arratsaldean hainbat lagunek kanpin-denda hartuta gorako bidea egiten zuten, bertan gaua igaro eta hurrengo eguneko jai eguna prestatzeko. "Laudioko eta inguruko herrietako jende asko biltzen zen, jaiaren oihartzuna Bilboraino heltzen zen. Azkenengo urteetan baina, jai egun hau beste askoren moduan pixkanaka itzaliz joan da".

"Ingurukoek ezagutzen dugu, baina arrotza eta ezezaguna da Aiaratik kanpo"

Halere, Ermualderekin lotura mantendu du Amondok. "Toki horrek eta jai horrek eman digu aukera hasieran gu gaztetan joateko eta disfrutatzeko, baina urteak aurrera joan ahala gure seme-alabekin gozaturiko lekua izan da, mendira joateko bidea zabaldu diguna, lagun arteko bazkariak egiteko aukera eman diguna. Norberaren disko- gogorrean gordetako momentu polit asko!".

Masifikaziorik ez

Kanpotik Laudioko Ermualdera bertaratzeko arrazoi asko egon daitezke, Amondok aipatu duenez. "Ingurukoek ezagutzen dugu, baina arrotza eta ezezaguna da Aiaratik kanpo. Beldurrik ez izan, masifikaziorik ez baituzue topatuko eta bertaratzen zareten egunean eguraldi argia badago paisaia ederrak ikusteko aukera izango duzue".

Gainera, bertaraino autoz ere igo daiteke, eta goian aukera ezberdinak aprobetxatu. "Heldu bezain laster Isusiko baserriak topatuko ditugu eta aurrera jarraitzen badugu Santa Apoloniaren baseliza eta bidearen amaieran Ermuko Andra Mariren Eliza eta Santa Luziaren Baseliza, egun taberna dena".

Ermuko Andra Mari Elizan arkeologia-indusketak egin dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko adituek, eta oraintxe arte bederen bisita gidatuak antolatu dira. "Orain arte indusketa-lan horiek ikusteko aukera egon da, baina egun Laudioko Udalak eten ditu, bai bisita gidatuak eta baita indusketa-lanak ere, eta egia esan inork ez daki zergatik". Beraz, Amondok esan moduan, balizko bisitariek informazio zehatzagoa Laudioko udaletxean eskatu beharko dute.

Bilboko Burdin Hesia

Indusketaz gainera, Ermualdetik abiatuz gero, 1936ko Bilboko Burdin Hesiaren aztarnak ere ikus daitezke."Zortzi kilometroko ibilbide zoragarria da. Bunkerrak ikusiko ditugu eta bidean zehar karobi-zuloak, eta elur-zuloak".

Aspaldikoa da Laudiok Burdin Hesiarekin duen lotura. Espainiako Gerran eraiki zuten, 1936 eta 1937 urteen artean, eta zortzi milatik gora lagunek lan egin zuten 80 kilometroko defentsa lerroa eraikitzeko. Alabaina, gune hori ez zuten gudan sekula okupatu, eta, hortaz, ez zen inolako borrokarik izan, fronte frankistak defentsa lerroari Gamiz-Fikan eraso eta haustea erabaki baitzuen.

Dena den, zailtasun eta luzera ezberdineko bi ibilbideek aukera ematen dute Burdin Hesiaren arrastoak ikusteko, Laudio eta Arrankudiaga artean. Horietan interpretazio panelak daude, eta bertako baliabide nagusietako batzuk ikusteko aukera ematen dute, tartean lubakiak eta metrailadoreen tokiak.

Alta, Ermualde toki pribilegiatua da ere mendian ibiltzeko, eta Bizkaira begiratzen duten mendiak ezagutzeko parada ematen duelako. "Bertatik Bilbora abiatu gaitezke, Ganekogortatik joanda, Pagasarrin amaitu eta Laudiora trenez itzul gaitezke. Bideak Nerbioi arroaren herriak ikusteko aukera emango digu. Honek duen alde txarra da autoaren bila bueltatu beharko genukeela Ermualdera. Bestela, beti utzi ahal dugu autoa Laudion eta lehen zatia, Ermualdera igoera, pikoa izan arren bidearen hasiera da eta oraindik fresko gaude".

Bigarren mendi txango errazago bat aipatu du Amondok: "Ermualdetik Kamaraka eta Goikoganera joan gaitezke. Ibilbide hau biribilean egin daiteke Laudion edo Ermualden hasita, eta paseoari hasiera eman diogun lekuan amaituko dugu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago