Nerbioi ibaiaren sentsibilizazio eta garbiketa jarduera antolatu dute

Erredakzioa 2021ko uzt. 9a, 08:00

Dozenaka gaztek parte hartu dute ibaiaren garbiketan. / Laudioko Udala

Uraren Euskal Agentziak eta Laudioko Udalak antolatu dute elkarlanean. 

Uraren Euskal Agentziak antolatutako sentsibilizazio-jardunaldi batean parte hartu dute dozenaka nerabek eta gaztek Laudion. Ekimenaren helburua izan da gazteak "kontzientziatzea eta sentsibilizatzea" ibaien eta, kasu honetan, Nerbioi ibaiaren osasun-egoera ona zaintzeak duen garrantziari buruz.

Parte-hartzaileak Nerbioi ibaiaren ibilguaren ertzetara jaitsi dira, Zubiko Kurajo parean (oinezkoentzako zubiaren ondoan). Berriki kendu dituzte sastrakak bi metro inguruko zabaleran, azken hilabeteetan metatu diren hondakin solidoak biltzeko. Horretarako, Urak beharrezko material guztia eman du, hala nola gazteentzako eskularruak, eta Udalak, berriz, plastikozko poltsak. Ondoren, bildutako hondakin guztiak plastiko baten gainean pilatu dituzte, lurrean utzita, jasotakoa aztertzeko eta behar diren azalpenak emateko URAko teknikari baten eskutik. Kaleak garbitzeko zerbitzua (FCC), behin eguna amaituta, hondakinak kentzeaz arduratu da.

"Ibaira botata dauden hondakinak aterata, zenbait jarrera eta gizarte gisa jokatzeko modu aldatzeko beharra azaleratu eta antzeztu behar da, ibaia zabortegia izan ez dadin. Ibaiak, hiriguneetan, bizi-korridore bat izan behar du, eta hortik ura eta sedimentuak igarotzen dira. Sedimentu horietan landaretza eta animaliak bizi dira", azaldu dute Udaletik. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago